Basque World View: Ideal Type, Social Myth or Misconception
Visión del mundo vasca: tipo-ideal, mito social o concepto erróneo
Xabier Renteria-Uriarte*
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
Laburpena: Euskal ikasketetan garrantzi handiko tradizio batek euskal mundu-ikuspegi berezia badagoela onesten du. Duela hamarkada batzuk nagusia zen balizko hori kontrastatu egiten da hemen, gaiari buruzko ikerketa modernoetan oinarrituta. Gaiari buruz esan dena gogorarazten da, hasteko. Ondoren, mundu-ikuskeraren adigaia zehazten da, eta haien bertaratze enpirikoa planteatzen da eite agerikoan (modu fisikalistan) ala ideal-tipo gisa (modu weberianoan). Gainera, mundu-ikuskera bat mito sozial gisa jardun daitezke (soreliar edo gramsciar zentzuan), baina baita okerreko kontzeptua izan ere. Zati hau amaitzeko, mundu-ikuskera kulturalen kasu historikoak 5 gakoetan sistematizatzen dira. Horietan kokatzen dira, kasura itzuliz, euskal mundu-ikuskera modernoa eta tradizionala. Gaur egun ‘euskal pentsamendua’ edo ‘euskal zientzia’ delakoak ote diren hausnartzeko lanabesak ematen ditu azterketak, eta bertoko mundu-ikuskera tipo-ideala ala adigai okerra kontsideratzeko irizpideak ezarri, mito soziala izateaz landa.
Gako-hitzak: Mundu-ikuskera, euskal mundu-ikuskera, euskal pentsamendua, euskal zientzia, Huts, Mari.
Abstract: A tradition of great importance affirms the existence of a particular Basque worldview. This assumption, which was dominant and prevalent a few decades ago, is contrasted here from modern studies on worldviews. To begin with, what has been studied in this regard is recalled. Next, worldviews are defined, and the possibility of their literal empirical presence (in the physicalist way) or as an ideal type (in the Weberian way) is raised. In addition, they may act as social myths (Sorelian or Gramscian), and also be nothing but irrelevant and erroneous concepts. Concluding this part, cultural worldviews are systematized in 5 keys. It is here where, returning to the case, the modern and traditional Basque worldviews are arranged. This study provides tools to reflect on current ‘Basque thought’ or ‘Basque science’, and on the traditional Basque worldview as an ideal type or as something erroneous, beyond operating as a social myth.
Keywords: Worldview, Basque worldview, Basque Thought, Basque Science, Huts, Mari.
Resumen: Una tradición de gran importancia afirma la existencia de una particular visión del mundo vasca. Aquí se contrasta esa asunción, dominante y prevalente hace pocas décadas, desde los estudios modernos sobre visiones del mundo. Para comenzar, se recuerda lo estudiado al respecto. A continuación, se definen las visiones del mundo, y se plantea la posibilidad de su presencia empírica literal (al modo fisicalista) o como tipo-ideal (al modo weberiano). Además, puede que actúen como mitos sociales (sorelianos o gramscianos), y también que no sean sino conceptos irrelevantes y erróneos. Terminando esta parte, se sistematizan las visiones del mundo culturales en 5 claves. Es ahí donde, volviendo al caso, se disponen la visión del mundo vasca moderna y la tradicional. Este estudio proporciona herramientas para reflexionar sobre el ‘pensamiento vasco’ o ‘ciencia vasca’ actual, y sobre la visión del mundo vasca tradicional como un tipo-ideal o como algo erróneo, más allá de operar como mito social.
Palabras clave: Visión del mundo, visión del mundo vasca, pensamiento vasco, ciencia vasca, Huts, Mari.
* Harremanetan jartzeko/Correspondence to: Xabier Renteria-Uriarte. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) – xabier.renteria@ehu.eus – https://orcid.org/0000-0001-6345-4067
Nola aipatu/How to cite: Renteria-Uriarte, Xabier (2026). «Euskal mundu-ikuskera: tipo-ideala, mito soziala ala adigai okerra»; Inguruak, 78, 52-81. (https://doi.org/10.18543/inguruak.287).
Jasoa/Received: 2025, urtarrilak 6; Onartua/Final version: 2026, otsailak 24.
ISSN 0214-7912 / © UPV/EHU Press
Esta obra está bajo una Licencia
Creative Commons Atribución-NoComercial-SinDerivadas 4.0 Internacional
Mundu-ikuskera adigaiak, oro har, naturari eta bere ezagutzari buruzko balizkoak biltzen ditu. Mundu-ikuskera berezi bat komunitate epistemiko batek edukiko luke, zibilizazio, kultura edota komunitate sozial izan, eta norbanakoen mundu-ikuskerak badirela esan proposatu izan da. Lan honek mundu-ikuskera kulturalak ditu aztergai, «euskal mundu-ikuskera» izena duen zerbait existitzen ote den ala ez baloratzeko asmoz.
Euskal kulturan antzinako kezka da euskaldunek mundu-ikuskera bereziren bat berezkoa dutenentz, beste herrien antzera. Zantzu esanguratsuak dira Joxemiel Barandiaranen, Bernardo Estornés Lasaren eta laguntzaileen lan seriearen titulua, El mundo en la mente popular vasca (Barandiaran, José Miguel 1961, 1960b, 1962, 1962b; Estornés Lasa 1962), edo modernoagoak diren Euskal Pentsamendua (Rodriguez, 2004; Azurmendi, H., Garmendia, eta Mentxakatorre, 2024) eta Euskal Herriko Pentsamendua (Aizpuru et al., 2012) zehazteko saiakerak. Kultura agerpenek, hala nola, mitologiek, antolaketa sozialek, hizkuntzek edo dantza sistemek eta, nola ez, zientzialariek eta pentsalariek corpus bat ekoizten dutenean, herri berezitasunak edo jendarte pentsamoldeak islatzen direnaren jakinmina sortu ohi da ikerlari batzuengan eta hiritar anitzengan; eta horrela da Euskal Herrian ere. Edonola, «euskal pentsamendua» aipatzen denean gogoeten iturria ekoizpen kontzeptual hutsak izan ohi dira, eta «euskal mundu-ikuskera» aipatzen denean euskal kulturaren agerpen desberdinak dira mundu-ikuskeraren erakusle gisa eta datu iturri gisa hartzen direnak. Biak ala biak baloratuko dira hemen, baina mundu-ikuskeraren kezka azpimarratuagoa izan da kultura agerpenen esparruan.
Euskal mundu-ikuskera, existitzekotan, euskal kultura agerpenek, hala nola, euskarak, euskal mitologiak, antolaketa sozialek, zientzia moderno eta humanitateen adigai eraikuntzek, edo beste kultura sistemek dakarten existentziaren edo naturaren izaerari buruzko balizkoak lirateke, beraiek ezagutzeko metodoek eta praktikek osaturik. Baina benetan esan genezake hori badela?
Ezer baino lehen, mundu-ikuskerei buruzko azterketak «komunitate zientifikoa» deitu ohi den horren partaideen lehen interesen artean ez daudela gogoratu behar da. Arrazoi nagusia, ziur asko, soziala eta historikoa da. II. Gerrate Mundialaren ondoren zenbait joera intelektual alemanek sona galdu zuten, eta hauen artean Weltanschauung edo «worldview, mundu-ikuskera» zegoen. Garai horretan Volkgeist edo «herri baten izpiritua» delakoarekin lotua sentitu zen, eta Volkgeist horrek, tamalez, arraza zioengatik eragindako sarraskiak gogorarazten zituen. Zentzu horretan, mundu-ikuskera adigaiaren gainbehera «arraza» bezalako konstrukto analitikoen izen galtzearekin batera etorri zen. Hala eta guztiz ere, erabilpen zabala mantentzen da, adigai-aterki gisa (horren azpian bakoitzak berea ikertzeko) edo egitura aldeanitza duen adigai konplexu gisa.
Bestalde, ekarpen hauei erreparatu gabe, akademiko batzuek terminoa zabala delako eta zehaztea zaila delako zokoratzen dute, ikasketa espezializatuak gailentzen diren aro intelektual batean. Dena den, kulturekin loturik mundu-ikuskerak badirela onartzea hedatua eta usaiakoa da. Esaterako, oro har aitortu ohi da komunitate indigenak naturari eta bizitzaren zikloei loturiko mundu-ikuskerei jarraiki bizi direla; Mendebaldeko modernitatea arrazionalismoan, zientzian eta indibidualismoan oinarritzen dela; eta beste gizarte motak mundu-ikuskera erlijiosoek gehiago gobernatzen dituztela.
Arriskua da, mundu-ikuskerak zentzu geografiko-kulturalean tratatzen direnean, eskema analitiko estatikoak proposatzea. Arreta soziala eta zientifikoa globalizazio komertzialera eta teknologikora bideratua dago, bere jariakortasunarekin eta trukeekin, eta antzinako zatiketa kultural asko diluitzen ari direla sentitzen da. Ildo horretatik, interesgarria da Max Weber-en (1949, 90) idealtypus edo «tipo-ideal» adigaia (gidoia gordetzen dugu euskarazko itzulpenean Weberrek eman nahi izan zion esteka gordetzeko). Osagai sozialik ez zaigu modu isolatuan aurkezten, saio-hodi bateko gas noblea bezala, eta zientzia sozialen eraikuntzak beti ematen dira azterturiko objektuan alderdiren batetan ematen den arreta kognitibotik. Alderdi horren orokortze kontzeptuala da, hain zuzen, konstrukto teorikoa. Eta tipo-ideal gisa dihardu, Weberren eta ondorengoen zehaztapenetan. Tipo-idealak bistaratzen eta nabarmentzen duen esentzia enpirikoak aldaketak eta berritzeak jasaten ditu, edozein errealitatek bezala, baina zerizan hori desagertzen ez den bitartean, munta enpirikoa duen errealitatea eta adierazgarritasun teorikoa izan dezakeen konstruktoa kontsideratzen da.
Zentzu horretan, euskal mundu-ikuskeraren bertaratze teorikoa ez da beste kultur alderdi batzuenaren parekoa. Ziur asko ez da interesgarritzat jotzen edo, besterik gabe, ez dela existitzen kontsideratzen da, Bigarren Mundu Gerraren osteko joera intelektualen barruan. Ala adituei oso agerikoa gerta dakieke eta, beraz, ikuspegi espezializaturik behar ez duena, atzeko garaietan gertatu zitekeen bezala. Edonola, baliteke euskal mundu-ikuskerak, tipo-ideal gisa, aurreikusi ditekeen baino ahalmen teoriko gehiago gordetzea. Badakigu, hala-nolako bertaratze enpirikoren bat badu, hau kanpoko eraginen menpe egongo dela ziurrenik, gainerako euskal kultur aldagaiak bezala, eta euskarak berak dituen erronken kasu. Desegitea edota desagertzea ortzemugan izango lituzke, gerturatzen, eta ez globalizazioagatik bakarrik, baita bi estatu politiko ezberdinetan zatitua bizi den nazioarena izateagatik ere. Horrela, euskal mundu-ikuskera aztertzea gain hartzen duten ikerketek mundu globalizatuan eta errealitate politiko zatitu eta ez-propio batean nola eraldatzen den aztertu beharko lukete. Baina, aldez aurretik, adigai hori zer den finkatu beharko litzateke, eta fase hori behar beste gainditua den ez dago bat ere argi.
Kulturen mundu-ikuskerak aztertzean estereotipo kulturalak bultzatzen ari denaren kritika jaso daiteke ere. Kritika horrek ez luke kontuan hartuko tipo-idealak zer esan nahi duen, eta azterketa berari baino, gerora izan ditzakeen erabilerei buruzkoa da. Baina, zalantzarik gabe, atzerritarrei buruzko estereotipoak hedaturik daude herrien arteko harremanetan, eta komeni da horrelakoak bultzatzea saihesten saiatzea; batez ere, txantxetakoak ez direnean, mespretxuzkoak baizik. Alde baikorragoan, Georges Sorelen (1908) eta Antonio Gramsciren (1977) mito sozial adigaia gogoratzeak merezi du: errepresentazio sinbolikoa edo eraikuntza ideologikoa da, masak aldaketa sozialerako emozionalki mobilizatzen dituena (zentzu soreldarrean), ala talde nagusiek botereari eusteko duten kontakizun ideologikoa dena (zentzu gramscitarrean).
Mito soziala deigarria da, eta tipo-idealez haratago gainera. «Gezurra» izan daiteke hasiera batean, alegia, errealitate fisikoan bertaratzerik gabekoa. Baina jendartearen pentsamoldeetan bertaratua da, eta, horrela, eragin enpiriko ukaezinak izan litzake, bai gizarte mailan eta bai gizarteak eraikitako errealitate fisikoetan. «Egia» sozial eta fisikoa da azkenean, jatorrian «gezurra» izan arren. Kasu honetan, interesgarria da aztertzea ea euskal mundu-ikuskerak, halakorik inoiz existitu ez balitz ere, mito sozial gisa erabilia edo proposatua izan den.
Dena den, badago azken aukera ere. Aztertzen ari den gaia edo hipotesia munta edota bertaratze enpiriko argirik edo aratzik ez duela, tipo-ideal gisa ere eraikitzea ezinezkoa dela, edota jatorrian «gezurra» izan arren mito sozial gisa proposatua ez dela ere, azkenean «erabateko gezurra» izaten amaitzeko. Kasu honetan, adigai oker gisa balioetsi beharko genuke proposamena.
Paper honek euskal mundu-ikuskera bertaratze edo munta enpirikoa duen, tipo-ideal gisa balio duen edo mito sozial eragilea den aztertuko du, ala adigai okerra den ondorioztatu. Horretarako, gaiari buruz esandakoak gogoratuko ditu (1. atalean); mundu-ikuskera kontzeptuaren formulazio modernoak aurkeztuko ditu egitura aldeanitz berri batetan, tipo-ideal eta mito sozialaren kontzeptuak gogoratzen amaitzeko (2. atalean); eta euskal mundu ikuskerari buruzko ekarpenak eta bere gabeziak egitura horretan kokatuko eta eztabaidatuko ditu (3. atalean). Ikerketa-lerro irekiei buruz zenbait inplikazio teorikoek eta iruzkinek amaiera ematen diote ikerketari.
Azkenik, kontuan har 1 eta 3 ataletan asmoa ez dela dagokien literatura zorrotz eta estu zerrendatzea. 1 atalean asmoa soilik da euskal mundu-ikuskera nola ulertua izan den erakustea. 3 atalak zera erakusten du: mundu-ikuskeraren adigaia zentzu onto-epistemikoan ulertzeak iturri zabalagoak eskatzen dituela, baina gako onto-epistemikoak ez dira argudiatuko. Ideien aurkezpena da gehiago, ondorioztaturiko ikerketa proiektua luzeagoak gakoen euskarriak zehaztea izango lukeelarik ataza.
José Miguel Barandiaranek goiztiar hasi zituen gaiari buruzko azterketak (1922), baina bere Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca (1972) mardula har daiteke «euskal mundu-ikuskera» konstruktoaren lehen euskarri edo proposamen sistematiko gisa. Hasieran ordurarte jasotako erregistroen materialen hiztegia dakar (1969 baino luzeago; eta 1984 bertsio txikiagoan), eta gero irakurketa nagusia bizpahiru formatuetan. Funtsean, edota oinohar berriekin, hainbat bider izan da Mitología Vasca (1960a; 2014; 1922; 1987) liburutxoan argitaratua; hau da euskaldun askok etxean duten alea.
Oso laburrean, euskal mitologiaren erregistroak hartzen ditu iturri nagusitzat (historikoak eta bere taldeak egindakoak), eta Mari «emakumezko jeinua» ardatz duen sistema deskribatzen du (1972a, 156 eta nonahi errepikatua). Horrela izan arren, Marik alde askotako eragina jasotzen duela esaten du autoreak, eta era zenbakiezinetan agertzen da kontaera eta errito desberdinetan (abere, landare, haize, haitz…). Mari erreferentziazkoa da, baina sistema mitologiko oso zabal eta anitza deskribatzen da.
Andrés Ortiz-Osés´ek ildoa sakondu zuen lan desberdinetan (batez ere 1985; eta 2007), euskaraz dugularik sintesirik akaso hoberena, Ama Jainkosa (1996). Euskal mitologiako «Mari-ardatza» ikuspuntu desberdinetatik sendotzen du, alderdi mitologiko honek mundu-ikuskera sozial eta alderdi psikologikoan isla garrantzitsuak izan dituela erakutsiz. Ortiz-Osés´ek argudioetan hermeneutika erabili zuen, eta Mariren isla litzatekeen matrismo psikologiko eta soziala nabarmentzeagatik (eta horrekin hautsak harrotzeagatik) entzute sozial handia lortu zuen.
Juan Inazio Hartsuagaren Euskal Mitologia Konparatua (1987) lerroan klasikotzat jotzekoa da ere, inplikazioetan gerora garatua (2009; 2016b; 2016a). Euskal mitologia edo mundu-ikuskera errotik ez-indoeuroparra dela indartu zuen, Georges Dumézilek (1977) mitologia indoeuroparretan zehazturiko «hiru estamentu sozialen» egitura euskal iturrietan ezezagutua dela frogatuz. Laburrean: euskal mitologia eta mundu-ikuskera a-hierarkikoa, naturalista/ktonikoa eta elkarrekikotasunean eraikia da, aurreko autoreetan presente den irizpidea indartuz; euskal mitologia eta baloreak aurre-indoeuroparrak dira (batez ere, megalitikoak); eta, hortaz, Europako beste aztarna aurre-indoeuroparren testuinguruan ulertu beharrekoak dira.
Guillermo Piquerok oinarri aldeanitza ekarri dio ildoari En el Vientre de Mari (2021) lanarekin (eta 2017 borobilduz, ordenatuz eta osoago azalduz; aurreko 2005). Plazaratze edo dibulgazio formatua izanik eta ikerketa akademiko programaren bat jatorri ez edukirik ere, irizpide kanonikoak (Mari, aurre-indoeuropartasuna eta Europako beste aztarnekin lotura, besteak beste) egitura garbi eta zehatzean aurkezten ditu, ekarpen ugarirekin (etimologikoak, adibidez) eta, horien artean, indigenismoaren eta animismoaren garrantzia indartuz (2015 eta 2017a; azken hau lan goiztiarretan aurreratua).
Jon Mentxakatorre (2015, 2016, 2023) kontuan hartzekoa izango da datorren urteetan, lan hauei jarraitasuna emateko asmoa duela kontuan harturik ere. Euskal mitokritikarako metodologia proposatzen du: giza adimena, trazendentzia eta komunitateko hitzen loturak giza zientzietan errotutako lan filologikoari bide ematen dio, mitoak beren aldaera guztiekin osotasunean eta ingurunean ulertuz. Euskal mitologiaren «ziklo» edo tematika desberdinen lotura eta elkarrirudia lurpean datzala ondorioztatzen du, «aurrez sartu eta atzez irten» formularekin munduren arteko zeharkaldirako. Honek «lurpeko eremuan egoki aritzeko helburu»a du (212. orr), «hilbako eta hildakoen munduak jostean kalterik ez izateko» eta «barne begimenaren adierazle legez» jokatzeko. «[J]akituria bestaldeko bizitzarekin lotua» da horrela.
Agosti Xahok, Jon Mirandek eta Federico Krutwigek ikuspegi ezberdin eta libreagoa eskaintzen dute. Atzeko paragrafoetako egileek euskal mitologiaren erregistro historikoak hartzen dituzte oinarrizko iturritzat, baina hauek ez dira xix. mendera arte baizik heltzen. Lerro desberdin honetan, hirurek ala hirurek zolitasun berari jarraitzen diote: benetako euskal mundu-ikuskera bere antzinako paganismoa da, katolizismoaren antipodetan, eta euskal izaera hobekiago islatzen duen paganismo hori da berreraiki eta berreskuratu behar dena.
Agosti Xahok (1847; Chaho, 1836), aitzin euskaldunen erlijioa eta erritoak irudikatu zituen, eta Aitor asmatu lehen arbaso mitiko edo «Aitalehen» gisa. Jon Mirandek (ikus Azurmendi, J. 1978; Krutwig, 1997) Euskal Herriak askatasuna lor zezan paganismora itzul zedin ezinbestekotzat jo zuen, eta germaniar kutsuko paganismoa aldarrikatu zuen. Federico Krutwigek (1997) paganismo hori «dionisiakoa», «jonikoa» eta «argitsua» zela ondorioztatu zuen, Eurasian zaharrenak diren erro komunak berreskuratuz eta bultzatuz. Xahok berreraikuntza askeago eta inspirazioen arabera egin zuen, Mirande da berea gutxien garatu zuena (erreferentzietatik ezagutzen dugu bere posizioa), eta Krutwig euskarazko azpiko eskemetatik abiatu zen, modu kognitibo ezberdinak zituen plataforma zabal aurre-indoeuroparrera helduz.
Alfontso Martinez Lizarduikoa, Euskal Zibilizazioa (1998) lanarekin, euskal mundu-ikuskeraren osaketarako hautagaiak modu zabalenean moldatu eta ordenatu dituena da. Ikuskerari horri buruz hitz egiten denean Barandiaranen eredu eta bere iturri mitologikoak dira aipu gehien bat, baina hau ez da mundu-ikuskerak zundatzeko era bakarra. Handik eta hemendik etnografiako beste datuak eta etnologiako interpretazioak kontuan har daitezke, eta honetan nabarmendu da Martinez Lizarduikoa. Gai desberdinetan euskal begirada berezko eta bertokoa nabarmentzen du, bakarka edo lankidetzan: matematiketan (Bustillo et al., 2008), koloreetan (Preziado eta Martinez Lizarduikoa,, 2008) eta euskal etno-zientzietan oro har (Euskal Herriko Unibertsitatean horri buruz emandako irakasgaian), baina aipaturiko Euskal Zibilizazioa sistema osoa erakusten duena. Beste eraginen artean, euskaldunak «Europako azken indigenak» direnaren mito sozialari bultzada berria eman zion.
Iturriak zabaltzearekin bat, hainbat ekarpen dira aipagarri. Txomin Peillenek (2005) euskal jendartea eta beste gizarteak erkatzeko, sena, ohiturak eta baloreak gidoitzat baditu ere, mundu-ikuskera euskaldunen ikuspegitik itxuratzea duela xede ematen du. Euskal izaeraren funtsaren atzetik dabil Latxaga (1999) ere, «euskal sena» delakoa abiapuntutzat hartuz, eta eremu teorikoetan emandako datuak (auzolana edo batzarreak, adibidez) herrikoi ikuspegitik erakutsiz. Azkenik, hainbat lan aipatu beharko genituzke, euskal mundu-ikuskera osatzeko baliagarriak: antolaketa sozioekonomikoetan (Santos eta Madina, 2012; Renteria-Uriarte eta Las Heras, 2021; Ott, 1993), euskal dantzetan (Urbeltz, 1994), kognizio linguistikoan (Frank, Roslyn M (2003), euskaldunek beraien buruari buruz duten irudian (Zulaika, 1996), eta abar.
Proposamen anitz hauetan bertso askea da Jorge Oteiza eskultorea, bere Quousque Tandem! (1963) historikoarekin, gerora Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo (1995) eta Ejercicios Espirituales en un Túnel (1984) saiakerekin osatuko zena. Zenbait agerpen kulturalen eta historikoen estetikotasunaren azpian irakurri zuen (harrespiletan, txapelan…), euskarazko zenbait etimologiekin batera (harroa, izar…), gutxik egin dutena nabarmentzeko: gauzen naturari buruzko sentipen oso zehatza duela euskaldunak. Ikuskera da, bai, mundu-ikuskera, baina sentitua, eta artea eta bestelako agerpen kulturaletan islatua. Are gehiago, Oteizaren aldekoek eta aurkakoek ondo dakiten bezala, hau dena hustasunaren sentipenean oinarritzen dela ondorioztatu zuen. Alde ala kontra egon, hipotesi ontologikoa zabalean landua da. Rafael Redondok (1983) hustasunaren sentipen honen isla psikologikoak aurkitu zituen Rorschach metodoarekin, Angel Goenagak (1975) «huts» hitzaren inplikazio ontologikoari orrialde bat eskaini zion gaiari buruzko ikerketa semantikoan, eta Renteriak (2022a) izaera semantiko hori zehaztu du, baina Oteizak (1995; 1984; 1963) eman zituen adibide ugarienak eta inplikazio sakonenak.
Aipatzekoa da ere euskara euskal mundu-ikuskera zehazteko lehenengo giltza edo iturria izan behar dela Justo Mari Mokoroak (1936) azpimarratu zuela, garai goiztiarrean. Pentsalari alemanen Volksgeist adigaiaren eskutik, herri bakoitzaren «jeinua» (izpiritua, izaera, arima) bere hizkuntzan datzala dio, alegia, mintzairan naziotasuna islatzen dela. Euskal jendartearen eta euskararen kasuan mundu-ikuskera edo «euskal jeinu» hori zein den gehiegi zehazten ez duen arren, Orixeren (1950) Euskaldunak olerkia eta euskararen erabileran ematen diren esakera desberdinak, horietatik asko Ortik eta emendik (1998) bilduma mardulean jasoak, jotzen zituen erakusle apartekotzat.
Irizpide honetan fokatuz, euskarak hizkuntza gisa dituen inplikazio onto-epistemikoetan, zenbait autore dabil, adibidez, Roslyn Frank (2018; 2003) estatubatuar aipatua, eta euskararen azpian dagoen ikuskera sozioekonomikoak zundatzen ere, Patxi Juaristi (1996) kasu.
Azkenik, ikerketa eta zundaketa lanen parean, plazaratze lanak nabarmendu beharko lirateke. Zerrenda luzeegi baten arriskuan, Xamar aukeratuko dugu erakusle gisa. Bere Orhipean lanak (2001) ederki asko biltzen ditu euskal kulturaren berezitasunak, eta esparru teorikoari xehetasun deigarria erantsiz, alegia, euskaldunak historian zehar mantendu direla, besteak beste baina akaso gehien bat, inguruko modernizazioak norbereganatzeko duten abileziagatik.
Munduaren euskal ikuspegia maila teorikoan bere gain hartzen denean, erreferentzia Barandiaranek hasitako ikerketa-lerro hori izan ohi da, eta askotan Ortiz-Osésen ekarpena nabarmenduz (Lanceros, 1999, 169. or.; kasurako, Ituarte, 2015). Gizarte mailan, berriz, zabalago uler daiteke. Horixe da gizarte-mugimenduko eragile talde baten kasua, Euskal Sena Taldea izenekoa (Renteria-Uriarte eta Las Heras, 2021). Urteetan bildu izan dira euskal kulturan hainbestetan aipatu den «euskal sena» zehazteko asmoz, eta ondorioetan euskal historiaren zehar eman den mundu-ikuskeraren joera eta bulkada gisa ikusi dute, euskaran, sozioekonomia antolaketan, beste kultura agerpenetan eta Euskal Herriko historian izan duen iraupenaren bidez itxuratzen dutelarik (Euskal Sena Taldea, 2022). Murritzago eta ezkorrago ikus daiteke ere, adibidez, «euskal mundu-ikuskerak interpretazio oinarritzat du ikuskera aranista eta bere biolentziaren historia gorria», eta «identitate bakarreko mundu-ikuskera da, … demokraziak higuina diona» (Alonso, 2021, 677-697. or.)[1].
Euskal mundu-ikuskera onetsia eta xaxatua denean, beste euskal mito sozialekin lotzen da. Matriarkatuarena, batez ere, biziki lotua zaio: euskal emakumeek inguruko gizarteetan baino presentzia eta erabakimen gehiago dutenaren ustea, zantzu ezberdinetan oinarrituta. Adibide bat da Óscar Vizarragak, Kale Dor Kayiko ijito elkarteko presidenteak, erromintxelako hiztunez esandakoa (erromaniera eta euskara batzearen ondoriozko pogadolektoa da hori): «Emakumeak dira genealogikoki indartsuenak, eta dena amaren leinuaren bidez erabakitzen da, … beste edozein herri ijitotan gertatzen ez dena» (Gómez, 2024). Eta bitxikeria bat. Pariseko andrazko epaile batek ETAko burukide gisa epaitua zen militante bati: «zuek euskaldunek matriarkatua duzue, esaten duzuna baino askoz gehiago erabakiko zenuen erakundean». Beste mito harremandua «azken indigenen» mitoa da (Renteria-Uriarte, 2023), alegia, euskaldunak Europako Magdaleniar edota Historiaurreko garaietako populazioen ondorengo zuzenak direla. Besteen artean, Gatibu taldeak abesten du: «Europa zaharreko azken indioak / txikiak gara / bihotz handikoak / luzaro iraungo ahal dugu?».
Eredu «Mari-zentratu Barandiaranar» delakoari kritika egiten Anuntxi Arana (2004; 2000; 1999; 2014) nabarmendu da. Mariren garrantzia eta bere irakurketa ktonikoa erlatibizatzen eta kritikatzen ditu (batez ere 2014-an), egituraketa tematiko askeak jarraituz eta irakurketa anitzen beharra aldarrikatuz (2004; 2000; 1999; 1998), baina lan akademikoenean ukitu estrukturalista gailentzen zaiolarik (1998). Hartsuagak (1987) edo Piquerok (2021) bezala, euskal mitologiak kanpoko mitologietan dituen parekotasunak gogoratzen ditu, baina aurre-indoeuropartasunari hanpadura kendurik (adibidez, Mariren «zerukotasun»arekin).
Euskal mundu-ikuskeraren (edo ikuskera honen) ezeztapenean Teresa del Valle eta taldekideak (1985) koka daitezke ere. Edozein matri-fokatze edo ikuskera berezi ukatzen dute, euskal gizartea beste edozein bezain patriarkala dela, eta hori horrela betidanik izan dela azpimarratuz (ikus ere Diez Mintegui eta Esteban, 2019, 15. or.). Iturri nagusia azken hamarkadetako neurketa sozial kuantitatiboak izan arren, antzinateari buruzko mitoak eraisteko erabiltzen dute, eta jarrera kritiko hori bide dute oro har bereizgarri gai hauetan (taldekide batek, adibidez, maitasunaren pentsamendu erromantikoari kritika proposatu du; ikus Esteban, 2011).
Mundu-ikuskera edo Weltanschauung (alemanez) delakoak gizabanakoek edo jendarteeek unibertsoari eta ezagutzari buruz dituzten hipotesiak eta sinesteak biltzen ditu. «Munduaren eredu» baliagarri bat eskainiz (Walsh eta Middleton, 1984, 291. or.), hori azaltzeko «erabiltzen ditugun mapa mentalak dira» (Pesut, 2003, 291. or.). Gaiari buruzko ikertzaile nagusietako batek, Mark E. Koltko-Riverak (2004, 5. or.), honela definitzen du: «errealitate fisiko eta sozialari buruz oinarrizko balizkoen multzoa biltzen duen egitura kognitiboa da».
Adigai konplexua eta zabala da, eta aplikazio anitzak ditu diziplina zientifiko eta jakintza-arlo desberdinetan, baina sorrera Alemaniako tradizio filosofikoan du. Weltanschauung hitza welt edo «mundu» eta schauung edo «intuizio, ikuspegi» hitzen loturaz eraikitzen da. Nauglek (2002) dioenez, Immanuel Kantek bere Kritik der Urteilskraft edo «Epaiari Kritika» lanean (1790) terminoa asmatu zuen ustea orokorra da.
Interes handia jartzen ziolarik Alemaniako tradizioak, xix. mendearen bigarren erdian Europako beste herrialde batzuetan sartzen da. «Fichte-ren bitartez Schelling, Schleiermacher, A.W. Schlegel, Novalis, Jean Paul, Hegel eta Goethe» bezalako autoreek adigaiak «Kierkegaard-etik aurrera Filosofiaren antzinakoarekin» duen harremana hausnartuko dute, tradizio hermeneutikoan bere garrantzia eta zehaztapenak era nabarmenean landuz (Wolters, 1983). Ildo intelektual honek xx. mendean jarraituko du Jaspers, Husserl, Engelhardt, Götze, Scheler, Freud, Wyneken, Dornseiff, Thielicke, Heidegger eta Gadamerekin (McIvor, 2018-ren zerrenda luzaturik).
Garai hauetan Husserl, Heidegger, Gadamer eta beste batzuen ildo fenomenologikoa oinarrizkoa izan zen mundu-ikuskera konstruktoaren premia epistemikoa argudiatzeko. Munduaz dugun froga erreal bakarra gure zentzumenen eremua da, eta ezagutza soilik irits daiteke, beraz, Lebenswelt (bizitzaren mundua) edo Weltanshauung (mundu-ikuskera) direlakoen muga pertzeptualek baldintzaturik. Fenomenologiak hurbilketa subjektibo du iturri, baina mundu-ikuskerei dagokienez, hautematearen maila kolektiboa da: gizateriarena bere zerizanean (ametsik, psikopatologiarik edo ohiko hautematetik kanpoko egora baten dagoen edonork hautematen du mundu fisikoa) eta talde kulturalena bere berezitasunetan (jendarte bakoitzak, aipatua denez, mundu-ikuskera bereziak dituelako onartu ohi delako). Azken alderdi honen azterketa, beraz, ezinbestekoa dirudi kontzeptua ulertzeko.
Garai modernoetan, iraganean bezala, kontzeptua oso polisemikoa da. Esaterako, «gizakiak errealitatea nola interpretatzen, antzezten eta elkarrekin sortzen duen modu nabarmenean jakinarazten duten esanahiak sortzeko sistema saihestezin eta nagusi» gisa ikusi da (Hedlund-de Witt, 2012, 74. or.); «bizitzaren eta munduaren datuei zentzua ematen dien interpretazio-esparrua» (Geisler, 1989, 11. or.); «fenomenoen interpretazioa bideratzen duten ikuskerak eta sinesmen sistemak antolatzen pentsamoldeak eta munduari begiratzeko lenteak» (Zingoni, 2022, 43. or.); edo pertsona baten esperientzia, kultura eta ingurunearekiko elkarrekintzak ulertzen laguntzen digun bere bizitzaren filosofia (Ibrahim, 1985).
Sailkapen ugari proposatu da. Diltheyk (1931) mundu-ikuskerak «poesian, erlijioan eta positibismoan edo filosofian» egin zituen esplizitu, eta Jungentzat (1976; 1931) Weltanschauung «estetiko, erlijioso, idealista, erromantiko eta praktikoak» daude. Iturri modernoetan, «tradizionala, modernoa, postmodernoa eta integrala» «literaturan identifikatutako lau mundu-ikuskera mota nagusiak» dira (Rigolot, 2017, 2. or.), baina baita «tradizionala, modernoa, postmodernoa eta potentzialki postmodernoa» (Inglehart eta Welzel, 2005); «berdintasunezkoa, hierarkikoa, indibidualista eta fatalista» (Gaitho, 2022), eta «mitologikoa, erlijiosoa eta filosofikoa» (Manoylo, 2021). Zientzian, mundua ikusteko oinarrizko lau modu gisa «formismoa, mekanizismoa, kontestualismoa eta organizismoa» zehaztu dira (Pepper, 1942); «mundu-ikuskera ideologikoak» «politikoa, nazionalista, dogmatikoa, erlijiosoa eta muturreko fededuna» lirateke «profil psikologikoak» (Zmigrod, 2022); eta askotan erlijio-sinesmenak «mundu-ikuskeren sinesmen» gisa interpretatzen dira (e. g. Löffler, 2018).
Kontzeptuaren malgutasunari esker, aplikazio ugari eta anitzak ditu, besteak beste, kontzeptu ebolutiboen ulermenean (Hermann, 2007), munduko historiaren irudikapen sozialetan (Liu et al., 2005), gizakien trafikoan (Carey, 2008), energia nuklearraren onarpenean (Peters eta Slovic, 1996), eguneroko praktika klinikoan (Spronk, Widdershoven, eta Alma, 2021), bizkarrezur-muinaren errehabilitazioan (Littooij et al., 2016), aurre-grebetan (Zeigler-Hill eta Besser, 2022), turisten jokaeran (Lee et al., 2021), edo balio ekologikoetan (Hedlund-de Witt, 2012; Lima eta Castro, 2005; Jenkins, 2002).
Alderdirik eztabaidatuena, ziur asko, hizkuntzen eta mundu-ikuskeren arteko harremanari buruzkoa da, alegia, erlatibitate linguistikoari buruzkoa (Bock, 2003; Leavitt, 2018; Danesi, 2021). Orokorrean, «testuinguru soziolinguistiko jakin batean osatzen dute mundu-ikuskerek mundua emateko modua» (Morelli, 2021, 1. or.), baina auzitan dagoena zera da, testuinguru horretan hizkuntzek edo haien egiturek mundu-ikuskera motaren bat «islatu» edo, are gehiago, «eragin, baldintzatu edo determinatu» dezaketen.
«Mundu-ikuskerei buruzko literaturak ezinegona eragiten digu», dio Pinxtenek (2016, 7), «ikerketa zientifikoa antolatzeko eta hedatzeko indar bateratzailea» duelako baina, bestetik, bere «erabilera esplizitua... urteen poderioz gutxituz joan delako, batzuek bere amaiera iragarri dutelarik». Antropologian, adibidez, «oraindik ere asko erabiltzen da... baina zorizko moduan»; antropologo gehienek «edozein taldek ideietan ikuspegi bateratuak eramaten dituela» baztertzen dutelarik (Vivanco, 2018). Zientziaren historialariek mundu-ikuskera eta bere aldaerak «zientzian zeresana izan duten balizko sorta batzuei buruz hitz egiteko» erabiltzen dituzte, eta «baliagarriak baina lausoak» iruditzen zaizkienez, «1960ko hamarkadaz geroztik lokuzio batzuekin esperimentatu dute» adigaia baztertuz, hala nola, ««oinarri metafisiko», «eskema kontzeptual» eta «paradigma»», arrazoiak izan daitezkeelarik «azken honen arrakasta, edo zientziaren historia sozialaren joerak» (Laudan, 2003). Azken kasu gisa: «zientzia sistemikoen metodologiek ez dute mundu-ikuskerekin lan egiteko modu koherenterik» (Rousseau eta Billingham, 2018, 27. or.).
Nolanahi ere, Mendebaldeko zientzia modernoak ikerketa espezializatuak oinarri gisa baditu ere, mundu-ikuskera bezalako kontzeptu zabalak albo batera uzteko aukera emanez, ezin da ukatu buru-borne horren bertaratzea. Adibidez, eta gorago aipatu den bezala, inork ez luke esango gizarte indigenek, burgesek eta islamikoek munduari eta ezagutzari buruz aieru berberak dituztenik. Gizarte bakoitza bestearekin alderatzean agerikoa litzateke hau, gizarteen baitan jendarteek edo norbanakoek ñabardurak eta aldeak erakutsi arren.
Jauzia saihetsi liteke adigaiaren orokortasunari zehaztapen artikulatuak emanez. Alde batetik, ia edonora hel daitekeen adigaia erabiltzen dutenak daude, adibidez, «mundu-ikuskera bizitzaren eta unibertsoaren ikuspegi zabala da, pertsona baten filosofiaren adierazgarri» (Runco, 2014, 317. or.). Bigarren taldea gaia zehatzago ikertu dutenak osatuko lukete, baina beste helburu batzuetarako tresna gisa; hala nola, Freud (1933) edo Husserl (1970). Azkenik, sakon eta luze aztertu dutenak daude, ikerketa hor fokatuz; Dilthey (1931; 1911), Koltko-Rivera (2004) edo Descola (2005) dira adibide. Edonola, ohiko definizioak zabalak eta abstraktuak izan ohi dira, kontzeptuaren malgutasunari esker erabilera zabala izan daitekeelarik diziplina desberdinetan, baina azterketak fintasuna galdu dezakeelarik. Ondorioz, ikerketa-objektu jakin batzuen berezitasunei aurre egiteko doitasuna eta, zentzu horretan, ahalmen heuristikoa galdu liteke. Baina mutur batean eta bestea artikulatuz, alegia, orokortasuna bere zehaztasunetan jasoz, ahalmen hau loratu liteke.
Konponbidea osagai kontzeptual zehatzek osaturiko egiturak dira, beraz. Adigaia definitzean orokortasuna gorde, baina definizioan bertan egitura alde-anitza barneratuz. Egitura ondo antolatuz gero, ikerketa zehaztasunak dituzten mikro-mailak eta kategoria analitikoaren duen makro-maila ez dira deskonektatuko.
«Mundu-ikuskera “nola ikusten da mundua” sinplistatik hasiz artikulazio konplexuagoetara maila anitzetan ulertzea» da koska (Carroll, 2012, 26. or.). Barne-artikulazio hau literaturaren zati handi batek jorratu du Diltheyk (1931; 1911) poesian, erlijioan eta positibismoan (berarentzat, filosofia zena) esplizitatu zituenean mundu-ikuskerak, irizpidea horien sorkuntzan «gurutzatzen diren une psikiko» desberdinak izan ziren.
Duela gutxiko taxonomia antropologiko entzutetsuan, Descolak (2005; 2014) subjektu eta izakien lau ontologia edo artikulazio handi ikusi ditu (grosso modo eta batzuetan bere terminoekiko ezberdin eginez hemengoak): animismoa, totemismoa, naturalismoa eta analogismoa.
Beste aukera bat da «mundua-hautemate, mundu-pentsatze, pentsamolde kulturala, mundu pertsonala eta ikuspegi pertsonala» izatea mundu-ikuskeren bost «azpikategoria» edo «forma» nagusiak (Underhill, 2009; 2011; 2012); «proposizioa, jokabidea eta bihotz-orientazioa» izatea «dimentsio» (Sire, 2004; Schultz eta Swezey, 2013); edo «kosmologia, ontologia, axiologia eta epistemologia» izatea «eremu» (Kambon, 2004; Carroll, 2012).
Artikulazioa kategoriak probatu beharreko eskaletan formulatzen direnean bultzatu egiten da, batez ere Psikologian eta noizbehinka ere Antropologian erabiliak direnak. Besteak beste, Mundu-Ikuskera Ebaluatzeko Instrumentua (Koltko-Rivera, 2000; 2004), Mundu-Ikuskera Analisi-Eskala (Obasi, 2002), Mundu-Ikuskera Ebaluatzeko Eskala (Ibrahim, Farah A. eta Owen, 1994), Mundu-Ikuskeraren Borne Integratzailea (Hedlund-de Witt, 2012), edo Mundu-Ikuskeraren Kultura Eskala (Choi, Papandrea, eta Bennett, 2007). Lehenak adibidez 10 aldagai eta 42 item ditu.
Orokorrean, Hedlund-de Wittentzat (2012), literaturan mundu-ikuskeraren osagai gisa gehien eztabaidatzen diren eremuak «ontologia, epistemologia, axiologia eta antropologia» dira. Horrekin antzekotasuna duen baina galdera-dimentsioetan formulatzen den seiko eredua proposatzen du Vidalek (2008).
Mundu-ikuskeren 5-Gakoen egitura (Renteria-Uriarte, 2024) horien guztien zerizana jaso nahian proposatua da. Galdera-dimentsio hauek ditu: Zein da munduaren natura, eta zein irudiri jarraitzen diogu horri hurbiltzeko? Zeintzuk dira bere osagaiak? Eta nola eraikitzen da haiengandik? Nola ezagutzen dugu mundua? Eta nola frogatzen ditugu gure ezagutzak? Irizpide hauei jarraitzen diete: «M»unduari buruzko ikuspegia izatea, ez bakarrik «m»unduren bati edo batzuei buruzkoa; esparru-parametro desberdinak barneratzea; hautematea eta kontzeptualizatzea bihotz onto-epistemiko gisa edukitzea; sinplea baina zehatza izatesa botere heuristikoa lortzeko; eratorriak diren dimentsioak, Praxeologia edo Etika bezala, inplikazio bezala uztea; eta hizkuntzaren eginkizun kognitiboan ere inplikazioak izatea. Mundu-ikuskera kultural nagusiak 5-gakoen egitura honetan jar daitezke.
—Zientzia moderno edo «klasiko» mendebaldarrak materialismo gogorra jarraitzen du mekanizismoa, atomismoa, erregularismoa, espezializazioa eta enpirismo fisikoa gorpuztuz.
—Zientzia alternatibo sistemikoak (zientzia konplexuak, kaosarenak, holistikoak...) materialismo leunagoaren jarraitzaileak dira sistemismoa, irekitasun holistikoa, emergentismoa, verstehen eta pluralismo enpirikoa islatuz.
—Erlijio dibinistek (abrahamikoak edo «Liburuaren erlijioak») materialismo dibinista dute iturri, eta Idazteuna, Jaungoiko/gizaki zatiketa, komunitarismoa, fedea eta grazia gako gisa.
—Kultura Txamanikoak anitzagoak dira, baina konzientismoa dute hautu hustasun energetikoa eta munduen ardatza, aurkari osagarriak, emergentismoa, eta enpirismo intrasubjektibo barneratzailea aplikatuz.
—Filosofia Perenneak edo «jakituriaren tradizioak» hustasun aktiboa dute iturri ere, eta gakoak lirateke hustasunaren geruzak, aurkari osagarriak, emergentismoa eta enpirismo intrasubjektibo disolutiboa (laugarren eta bosgarren gako gisa).
—Zientzia Holografikoek izeneko Mendebaldeko zientziaren korronteak misterioa onartzen du iturri gisa, eta gako gisa dituzte holograma, banatze-batasun dialektika, banatzetik batasunerako emergentzia, diziplinartekotasun bateratzailea, eta froga fisikoen kontraste subjektiboak.
Izan ere, mundu-ikuskera guztiak aukera kognitibo batetik abiatzen dira: mundua ulertzeko pertzepzio arrunta fidagarritzat hartzetik, edo ohikoaren baitan dauden hautemate mailak hartzetik. Horrela, bi fokatze kognitiboan banatu daitezke denak. Mundu-ikuskera kanporakoiak kognizioaren lehen arreta subjektuaren kanpoaldean jartzen dutenak dira, hautemate arrunta onartzen dutelako (zientzia klasikoak, zientzia sistemikoak eta erlijio dibinistak). Mundu-ikuskera barnerakoiak kognizioaren lehen arreta subjektuaren barnealde sakonean jartzen dutenak dira, hautemate arruntaren iturri diren hautemateak aktibatuz edo onartuz (kultura txamanikoak, filosofia perenneak eta zientzia holografikoak). Hurrengo grafikak zehazten ditu.
Grafikoa 1. Mundu-ikuskera kulturalak 5 gakoetan
Iturria: Renteria-Uriarte (2024).
Errealismo zientifiko literal, ispilu-moduko edo fisikalistak kanpoko errealitatea objektiboa edo giza pertzepziotik askea dela (errealismo ontologikoa) eta zientzia modernoa berari egokitzapen enpiriko handiena dion ezagutza forma dela (errealismo epistemologikoa) suposatzen du, mundu modernoaren hipotesi ontoepistemiko nagusia delarik (Kuhn, 1962; Popper, 1983, London; Putnam, 1988; Psillos, 2011). Bienako Zirkuluaren fisikalismoan izan zuen hasiera eta isla metodikorik zorrotzena. Aztergaiak pertzepzio eta teorietatik haratago daudela suposatzen da, kanpoko errealitate objektibo baten barruan, eta zientzia modernoa hurbilketarik onena dela. Fenomeno naturalak giza pertzepzio arruntetik aske egoteak, teoria zientifikoek haien gertaerak iragartzeko duten arrakastak, eta esperimentuen errepikakortasuna eredu teoriko desberdinen barruan emateak, euskarria handia dira errealitatea eta bere objektuak bertaratze enpiriko absolutua dutela eta zientzia mendebaldarra hurbilpen ariketa hoberena dela onartzeko.
Hala eta guztiz ere, errealismo eta konstruktibismo kritikoek ikuskera zientifiko «inozo, dogmatiko edo muturreko» hori auzitan jartzen dute alderdi desberdinetan: errealitatea kontzeptu-esparruaren eta kultura-esparruaren bidez eraikitzen dela, konstruktibismoak proposatzen duen moduan; behaketaren presentziak esperimentuen emaitzei eragiten diela, fisika kuantikoan agerikoa den bezala; edo fenomeno objektibo berdinerako gatazkatsuak diren teoriak irautea kontraesankorra dela, edozein esparrutan (Barad, 2007; Rouse, 2002; Berger eta Luckmann, 1966). Fisika kuantikoko bitxikeriek eragindako espekulazioak kenduta, azterketa-objektuen eta eraikuntza teorikoen bertaratze enpiriko literalak eztabaidagarrien izan diren eremuak zientzia sozialenak dira.
Tipo-Ideala Max Weberek gizarte zientzien eraikuntza teoriko nagusiak ulertzeko proposatu zuen adigaia da, teorien garrantzi teorikoa eta esangura enpirikoa ulertzeko. Zehazkiago, Tipo-Ideal (edo «Idealtypus» alemanez) adigai eraikuntza (edo «Gedankenbild») «ikuspuntu bat edo gehiagoren alde bakarreko azentuazioz eratua» da, «fenomeno indibidual konkretuak... eraikuntza analitiko bateratu batean antolatzen direlarik» (Weber, 1949, 90. or.). Horrela, «Tipo-ideal bat inoiz ez dator bat errealitate konkretuarekin, beragandik beti gehiago ala gutxiago urrundua dagoelarik», eta «ezin delarik inoiz halako errealitate horretan erabat aurkitu», adibidez, «ez da inoiz «Etika protestantea» edo «lider karismatikoa»ren gauzatze enpiriko osoa eman», baina «azterketa konparatiborako oinarrizko metodoa ematen du» (Coser, 1977, 223. or.).
Tipo-idealak interesgarriak dira zientziaren ontologia klasikoan mantentzen direnentzat, ez direlako errealitatean era isolatuan edo aratzean agertzen, baina egon badaudelako hor, edo hori onar liteke. Adibidez, «Burokrazia» administrazio-antolakuntza ideal gisa (tipo-idealaren zentzuan) deskribatu zuen Weberrek (1922-n batez ere), ezaugarri hauekin: lanaren banaketa, agintearen hierarkia, arau formal idatziak, inpertsonalitatea edo objektibotasuna erabakietan, eta gaitasun teknikoa kualifikazio profesionalaren bidez. Errealitatean erakunde gutxi egokitzen zaio eredu horri goitik behera, baina irudikapen teoriko gisa kasu partikular desberdinak ulertzeko eta ebaluatzeko balio du. Unibertsal sistematizatua da, beraz, tipo-ideala. Eta gizarte zientzietan ezinbestekoa da, errealitate sozialetan isuriak eta alderdiak beti nahasturik ematen direlako. Eraikuntza teorikoak ez du errealitate zehatz bat era literalean adierazten; funtsezko ezaugarriak ala interesko alderdiak nabarmentzen dituen irudikapen sinplifikatua da.
Mito sozial adigaia George Sorelek proposatu zuen Réflexions sur la violence (1908) lanean, gerora Antonio Gramscik (1977) gogora ekarri eta zabaldu zuelarik. Sorelek ez zuen definizio formalik egin nahi, adierazi nahi zuena kontzeptualagoa baino emozionalagoa eta sutsuagoa zelako. Eta ohiko analisi mekanikoaren bideragarritasuna ukatuz amaitu zuen: mito sozialak «irudi» baten formako «eraikuntzak» izango ziren, «indar historiko» gisa jokatzen duten «joera sozialak» islatzen dituzten «emozio sutsuak» errepresentatzen dituztenak (20. or.). Adibide nagusi gisa sindikalisten «greba orokorra» jarri zuen, eta baita Marxen «hondamendi iraultza» ere, «eliza kristau militantearekin», «Frantziar Iraultzaren kondairak» eta «Ekaineko egunak» mitoekin batera.
Sorelentzat (1908) masak aldaketa sozialerako emozionalki mobilizatzen dituen gertakaria da mito soziala, errepresentazio sinbolikoan edo eraikuntza ideologikoan eraldaturik. Gramscik (1977) adigaia berreskuratu eta ezagun egin zuen, baina talde nagusiek botereari eusteko edo hegemonia hedatzeko kontakizun ideologikoa dena. Duela gutxi, Traversok (2019) eguneroko bizitzan hobekuntza errotikoak lortzeko mito sozial hauen beharrari erreparatu dio, bereziki erreferentzia historiko tradizionalak galtzeagatik ematen den «ezker mogimenduaren malenkonia» gainditzeko.
Nolanahi ere, mundu ikuskerei buruzko azken aukera ere badago. Kontzeptua, oro har, edo bere forma zehatzak, guztiz okerrak direla. Alegia, errealitate sozialean ez dagoela osotasunik (errealismo zientifiko literalaren estiloan), ez dagoela alderdi adierazgarririk edo interesik merezi duenik (ideal-mota gisa), eta ez dagoela gizarte-errealitatean mito esanguratsurik (ez soreliarrik ez gramsciarrik). Kasu horretan, goitik behera zokoratu beharko litzateke proposamena.
Atal honetan euskal mundu-ikuskerari buruz egindako azterketak (lehen atalean) mundu-ikuskeren azterketa garaikidearen baitan kokatuko ditugu, 5-gakoen eskema erabiliz (bigarren atalekoa).
«[E]z dago euskal filosofiarik eta pentsamendurik Erdi Aro amaierako eta Errenazimentuko eraketa diskurtsiboa ulertu gabe», dio Joseba Gabilondok (2012, 9). Euskal filosoforik ziur aski oparoena, Joxe Azurmendik, garbi du ere euskal pentsamenduaren ulerpena eta garapena Europako pentsamenduaren baitan izan behar dela; hori landu du bere bibliografia emankorrean (2024), eta irizpide nagusia du bere Pentsamenduaren historia Euskal Herrian (2020) obran. Esparruko beste hurbilketetan arreta berdina da (Azurmendi et al., 2024; Aizpuru et al., 2012). Normala denez, euskal pentsamendu garaikidea mendebalde modernoan edota postmodernoan lantzen den ariketa da (aniztasun postmodernoaren baitan ekarpen deigarriak egin dira bi obra kolektibo horietan), eta horrela ulertzen da.
Ariketa filosofiko hauek Iraultza Zientifikotik aurrera garatutako «zientziak» eta «humanitateak» dituzte arreta eta iturri. Horrela, beraien ontologia eta epistemologia onesten dituzte, hautematearen arreta kanporakoi bat onartzetik datozenak. Soslai zientifiko esplizitua duten ariketetan ere, eta orain erabat, eredua berdina da, era «klasikoagoan» ala «sistemikoagoan» izan (onto-epistemologia holografikoa saiatu duten Renteria-Uriarte, 2013, 2016, 2018 bezalako salbuespenekin). Horrela, euskal ekoizpen intelektual garaikideek mundu-ikuskera kanporakoia islatzen dute.
«Euskal» pentsamenduari buruzko kezka intelektualengan eta gizartean hedatua da (Jimenez, 2024; Cruz-Lopez, 2024; Ubeda, 2024). Hemen «euskal» edo «euskaldun» aldagaia «euskaraz» edo/eta/ala «Euskal Herrian» eman denaren ñabarduran sartu gabe, argi dago egungo balizko kanporakoien baitan ematen dela, baina nola? Hasteko, natura berdin ematen da nonahi, baina natur zientzietan alderik dagoen hausnartu genezake. Euskal Herrian praktikatzen direnak ba al dira beste edonon bezalakoak? Interes zientifikoetan, ikerketa baliabideetan, lan etikan edo lankidetza zientifikoan zeintzuk lirateke aldeak? Galderak berdinak lirateke zientzia sozialen kasuan, baina kasu honetan ikerketaren edukia ere barruan sartuz, gizarteak ez direlako berdinak leku desberdinetan, eta horrek berak egiten dituelako gizarte. Euskal gizarteari bideraturiko azterketetan, beraz, aurkikuntza desberdinak gerta litezke metodoak berdinak izan arren.
Humanitatetan eta filosofian eman da eztabaida hori nabarien, atal honen hasierak gogoratu bezala. Joan Mari Torrealdaik 1969an «Bada euskal pentsamendu garaikiderik?» galderarekin eman omen zion hasiera, eta egun erronkak bizirik dirau, Haritz Garmendia eta Ibai Iztueta bezalako pentsalariekin (Ubeda, 2024). Garmendiaren ustez, euskal esperientziak hautemateko eta euskal pentsamendutik gauzak argitzeko gaitasuna galtzen ari da. Euskal pentsamendu dekoloniala sortu eta jabekuntza epistemiko bat garatu beharko litzateke, beraz, eta horretarako, euskara batuari, ikastolei, literaturari eta gainontzeko berrikuntzei begiratu beharko litzaieke.
Dena den, lan honek plazaratzen duen eztabaida ez da euskal zientzien edo euskal pentsamenduaren berezitasunei buruz, beraien mundu-ikuskerari edo oinarri onto-epistemikoei buruzkoa baizik. Ba al da horietan ñabardura bereiziren bat? Hori da interesatuei botatako erronka. Eta azkenik, kanporakoitasun epistemikoen azken aukera dago, erlijio teistak. Alde berezirik erakutsi al dute Euskal Herriaren historian? Luze aztertzekoa litzateke. Jesusen amari «Ama Birjina» deitzeko joera (eta ez «Birjina Maria»), edo Bagauden osteko loraldi demokratikoa, laupabost mendez iraun omen zuena ikuspegi kristauari loturik. Alderdi asko leudeke zundatzeko.
Euskal mundu-ikuskerari buruz idazten duten autoreek lan egiteko duten materiala ez dute pentsamendu kontzeptualen eta zientzia modernoaren ekoizpenek osatzen, antzinatetik datozen euskal agerpen kulturalen lan etnografikoek baizik. Garai modernoetan euskal gizarteak beste gizarteekin partekatzen dituen berezitasunak interes antropologiko indartsua dira gaur egun, baina beste lan horietan «pentsamendu magikoa» (Garmendia, 1990), «animismoa» (Peillen, 1985) eta horrelako terminoak sartzen dira jokoan. Antropologian azken hamarkadetan sona handia izan duen bira ontologiko delakoaren hitzetan, «natura» desberdinak dira, horiek ulertzeko egungo positibismo zientifikoa gainditu behar delarik (Viveiros de Castro, 1998). Planetako mundu-ikuskeren 5 gakoen irizpideari jarraiki berrirakurriko dira hemen (kontuan har ez direla literaturako iturriak hedatzen, lagin batzuk ematen baizik; iturrik ez dagoenean hori egiteke legokeen lana litzateke).
Zein da munduaren izaera eta jatorria, eta zein irudi nagusi erabiltzen da hurbilpen gisa? Euskarak zerizana, araztasuna edo purutasuna hustasun gisa definitzen du (Renteria-Uriarte, 2022a); esaterako, «kafe hutsa» ez da hutsik dagoen kafe kikara, eransgarririk gabeko kafe aratza baizik. Mendebaldarrak ez diren mundu-ikuskeretan benetako natura hustasun aktiboa dela oso hedatua dago, arau baten modukoa da ia, eta deigarria da euskaldunen hizkuntzak bere morfosintaxian txertatua edo islatua izatea (Renteria-Uriarte, 2022c). Errealitaterako hurbilpen irudi gisa, euskal mitologiak Lurra edo Lurraren irudi femeninoa erabiltzen du, garai modernoetan Mari gisa ezagutzen dena gehien bat (Piquero, 2024). Hedatua da ere, arau nagusi moduan, planetako mundu-ikuskera gehienetan Ama Handi delakoaren formulazio ezberdinekin (Piquero, 2017) eta, besteak beste, hustasun aktiboa irudikatu lezake (Renteria-Uriarte, 2022b).
Hemendik aurrera, hizkuntzen, mitologien eta kultura agerpenen zenbait alderdi errepresentazio ontoepistemikoen isla edo osagai direla balioetsiko da, berezko enpirismotik eratorrita (Renteria-Uriarte, 2024). Ortodoxia zientifikoen joerekin talka egin lezakete iradokizun askok, mundu-ikuskera desberdin bati buruzkoak izanik ulergarria dena. Hortaz, har daitezen hurrengo paragrafoak kontrastatzear dauden ikerketa agendaren hipotesi gisa.
Zeintzuk dira munduaren osagaiak? Aurkari dialektiko anitz daude euskarazko hoskidetzetan islatuak (Sor-Sar, Ama-Eme-Ume, Batu-Banatu, Sar-Har, Hunkitu-Ukitu, Huts-Putz), mitologian (Maia-Maju, Mari-Sugaar, Atarrabi-Mikelats, Adur-Indar) eta beste agerpen kulturaletan (kasurako, koloreen eta mugimenduen aurkariak ihauterietan eta dantzetan). Planetako mundu-ikuskera gehienetan hedatua den Aurkarien Dialektika eta batasuna islatzen egon litezke (Eme-Ar, Shiva-Shakti, Yab-Yum, Yin-Yang, Izanagi-Izanami, Isis-Osiris), «espazio sortzaile» eta «akzio hedatzaile» gisa laburbildu daitezkeenak. Sor-Sar bikotea esanguratsua izan liteke: enpirismo intra-subjektiboan, aurkari gisa dihardu hustasun aktiboaren hastapenarekiko («hustasun aktiboan sar, eta sor»); lur mitologiarekiko, berdin dihardu (eguzkia lurrean sartzen da gauaz eta, azpian -lurrean edo hutsean- bidaiatu eta gero, sortu egiten da bestekaldean); eta, euskaraz, sartalde-sortalde deiturekin harremanean da. Oro har, ausazko paronimo edo «pare minimo» baten aurrean ez geundekeela onargarria litzateke, mundu-ikuskera baitarakoien beste isla nabarmen baten aurrean baizik. Pareko argudiaketa egin liteke Maia-Maju edo Mari-Sugaar bikoteak aurkari gisa ihardutean naturaren lehen irudiarekiko, munduan hedatuena den Eme-Har metaforaren dialektika sortzailea islatuz.
Nola osatzen da mundua? Galdera honen aurrean euskal baitarakoitasun batek izan litzakeen islak zehaztea ez da hain nabaria. Euskaraz atzizki bidezko SOV egituren lehen arreta eta bide kognitiboa holistikoa izan liteke, hizkuntz indoeuroparren «suge» begiradaren aurrean beste hizkuntza batzuen «arrano» begiradarekin ordezkatuz, Mikel Zaratek (1977) proposatzen zuen bezala. Horren parean, euskal aditzaren eta elkar partikularen gorabideek emergentziaren hastapena islatzen egon litezke. Azkenik, zenbait adigai zundatzekoak lirateke («borobil» kasu). Mitologia aldean, Mariren eite anitzak eta bere etikak lerrokaturiko maila ontikoak lirateke gogoeta iturri. Hauek denak, beste batzuekin, «baitaren sakoneren» (mundu-ikuskera baitarakoi meditatiboetan) eta «kosmogoniako gorabideen» (baitarakoi mitikoetan) logika islatzen egon litezke.
Nola ezagutu? Euskal Herriko historiaren zehar emozioak asko harrotu dituen sorgintasuna esanguratsua da. Esan gabe doa, zientzia positibista txikitzaileetatik at, sorgintasuna edo txamanismoa ezagutza modu garatua dela, eta, are gehiago, gizateriaren historian eta gizarte desberdinetan gehien praktikatu dena. Haren oihartzunak bizirik dirau egungo Euskal Herrian; besteen artean, «erre zenituzten sorginen oinordeak gara gu» dantzatzen dute euskal gazteek, Jon Garmendia Txuriya-ren hitzetan. Berdin dio Alemanian Euskal Herrian baino sorgin gehiago erre baziren, zenbaki absolutuetan zein neurri erlatiboan. Euskaldunek, edo zati aipagarri batek behintzat, berea egin du sorginen oroitza eta aldarrikapena, Euskal Herriko bereizgarritzat onetsi arte.
Nola egiaztatu ezagutza? Mundu-ikuskera kanporakoietan gako hau desberdina da atzekoarekiko, baina bi gakoak berdinak dira baitarakoietan, errealitate/adimen barneko mailek era berean ematen dituztelako argibidea eta egiazkotasuna. Sorgintza eta txamanismo tekniketan, beraz, arrakasta edukitzekotan, lorturiko ezagutza eta ebidentzia bat bera dira.
Euskal zientziak eta pentsamendu modernoek mundu-ikuskera kanporakoia gorpuzten dute, Mendebalde modernoan ohikoa den bezala. Ezagutza horren oinarri ontoepistemologikoetan ñabarduraren bat inplikatu badute, ariketa intelektualaren berezitasunetatik haratago, bere bultzatzaileek aztertu beharreko gaia da, interesgarria suertatzen bazaie.
Horren parean, euskarak, mitologiak eta beste zenbait kultur agerpenek mundu-ikuskera barnerakoiaren alderdiak islatzen dituzte, esparru horretan koherentziaz ordenatu daitezkeela diruditenak. Mundu-ikuskerek arreta kognitiboetan dute jatorria, eta ikuskera desberdinen bizikidetza ohikoa da, kasu honetan bezala.
Nolanahi ere, mundu-ikuskera adigaiaren egitura aldeanitzak ahalmen heuristikoa erakusten du produktu intelektualak eta agerpen soziokulturalak ordenatzeko, hausnartzeko eta eremu berriak irekitzeko. Zentzu horretan, hemengo kasuak tipo-ideal gisa moduan oinarriak erakusten ditu. Bertaratze enpirikoa balioesteko erabili den beste irizpideari buruz, batek daki etorkizun batetan «euskal pentsamendua eta zientzia modernoa» aipatzeak mito sozialaren aldarrikapena inplikatuko duen, baina egungo egoera da «euskal mundu-ikuskera» aipatzeak hautsak harrotzen dituela sarri. Hortaz zenbait eragile sozialek mito sozial gisa aldarrikatzea, euskal intelektual askok (akaso gehiengoak) ezesten duen bitartean.
Euskal mundu-ikuskera garaikideari buruz, agertokia definitze aldera, nahiko onartua dago Euskal Herrian ekoizten den pentsamendua eta zientzia, euskaraz egiten direnak, edota euskal herritarrek atzerrian eta erdaraz egiten dituztenak (frantsesez, gazteleraz zein ingelesez izan), «euskal pentsamendua» eta «euskal zientzia» direla. Eta mundu-ikuskera mendebaldar garaikidearen ariketak dira, normala denez. Orain, «euskal» honek esan nahi badu, mundu-ikuskeraren mailan, ontoepistemologia horren islek bertoko forma ezberdinduren bat hartzen dutela, ez dirudi gertatzen denik. Ziurrenik, iraultza zientifikoa deritzonetik ez da behar besteko denbora igaro, beste lekuetan gertatzen den bezala.
Euskal mundu-ikuskera tradizionalari dagokionez, egon bazegoela eta zenbait oinordetza badirela onetsi liteke, ontologiatik (huts, mari, eta abar) eta epistemologiatik (sorgintza) eratorriak. Arreta intelektual honek indarra galdu du azken hamarkadetan, arrazoi desberdinengatik. Joera zientifikoak edo «moda intelektualak» deskribapena lehenesten eta interpretazioa gutxitzen duten ikerketa espezializatu positibistak sustatzen ditu, «objektibo»tzat joz, ikerketa mota honek bere hipotesi onto-epistemiko ezkutuak ere badituen arren. Gainera, «identitario»tzat jotzen diren diskurtsoek oposizio gero eta sendoagoa dute, diskurtso identitario bat beste diskurtso identitario batetik soilik ezetsi daitekeenean. Azkenik, Mendebaldeko ontologia modernoak, ia arau orokor gisa, beste ezagutza batzuk ukatzen ditu, euskal ontoepistemologia tradizional trinko edo konsistentea onartzea zailduz.
Edonola, proposatu bezala, mundu-ikuskeren metodologia ekoizpen intelektualen azterketan emankorra dela dirudi. Ezagutzak beren jatorritik deskribatzean alor sendoak antzeman ditzake, gabeziak edo hutsuneak detektatu, eta hausnarketa bultzatu. Horrela, ikerketa ildo berriak iradoki ditzake praktika zientifikoan eta filosofikoan. Eta eztabaida sozialerako elikagaia ekarri, herri batek berezkoa duen ezagutza duen ala ez hausnartzen lagunduz.
Aizpuru, Alaitz, Altonaga, Bakarne, Galletebeitia, Iban eta Olariaga Andoni (2012). Euskal Herriko pentsamenduaren gida. Udako Euskal Unibertsitatea.
Alonso, Martín (2021). El laberinto discursivo nacionalista: Bandos e identidades, ideas y creencias. Araucaria, 23(46), 677-698. https://dx.doi.org/10.12795/araucaria.2021.i46.33.
Arana, Anuntxi (1998). Orozko haraneko kondaira mitikoak: Bilduma eta azterketa [Doktorego Tesia]. Euskal Herriko Unibertsitatea. http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Anuntxi_Arana_TESI.pdf.
Arana, Anuntxi (1999). Sinboloen joko anizkoitza euskal mitologian. Zainak: Cuadernos de Antropología-Etnografía, 18, 161-174. https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/zainak/18/18161174.pdf.
Arana, Anuntxi (2000). Mito hurbilak: Euskal mitologia jendeen bizitzan. Gatuzain.
Arana, Anuntxi (2004). Mitoen bilakatzea: Akaberak eta iraupena. Gatuzain.
Arana, Anuntxi (2014). Mitos para pensar. Entreescritores.
Azurmendi, Haritz, Garmendia, Alba eta Mentxakatorre, Jon (2024). euskal pentsamenduaren garabideak. Udako Euskal Unibertsitatea.
Azurmendi, Joxe (1978). Mirande eta kristautasuna. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa.
Azurmendi, Joxe (2020). Pentsamenduaren historia Euskal Herrian: Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi. Jakin.
Azurmendi, Joxe (2024). Obra idatzi digitalizatua.
Barad, Karen (2007). Meeting the Universe Halfway: Quantum Physics and the Entanglement of Matter and Meaning. Duke University Press.
Barandiaran, José Miguel (1922). Eusko-Mitologia. In Euskaltzaindia (Ed.), Lenengo euskal-egunetako itzaldiak (pp. 89-106). Eusko-Argitaldaria.
Barandiaran, José Miguel (1960a. Mitología vasca. Minotauro.
Barandiaran, José Miguel (1960b). El mundo en la mente popular vasca: Creencias, cuentos y leyendas I. Auñamendi.
Barandiaran, José Miguel (1961). El mundo en la mente popular vasca: Creencias, cuentos y leyendas II (2.a ed.). Auñamendi.
Barandiaran, José Miguel (1962a). El mundo en la mente popular vasca: Creencias, cuentos y leyendas IV. Auñamendi.
Barandiaran, José Miguel (1962b). El mundo en la mente popular vasca: Creencias, leyendas y mitos III. Auñamendi.
Barandiaran, José Miguel (1969). Die Baskische Mythologie. In Jozef Deleu eta Hans Wilhelm Haussig Wörterbuch Der Mythologie (1. Bol, 511-552. or.). Klett.
Barandiaran, José Miguel (1972). Diccionario ilustrado de mitología vasca (Obra osoak, 1. Tomoa). La Gran Enciclopedia Vasca.
Barandiaran, José Miguel (1984). Diccionario de mitología vasca. Txertoa.
Barandiaran, José Miguel (1987). Euskal mitologia (3. Bol.). Pamiela.
Barandiaran, José Miguel (2014). Mitología vasca. Txertoa.
Berger, Peter L. eta Luckmann, Thomas (1966). The Social Construction of Reality: A Treatise in the Sociology of Knowledge. Anchor Books.
Bock, Philip K. (2003). Linguistic Relativity. In William J. Frawley (Ed.), International Encyclopedia of Linguistics. Oxford University Press.
Bustillo, Fernando, Frank, Roslyn M. eta Martínez Lizarduikoa, Alfontso (2008). Antzinako euskal matematikaz zenbait burutazio. Gaiak.
Carey, Christopher (2008). Collaboration and Conflict: Exploring the Worldviews within the Anti-Trafficking Community. Arizona State University.
Carroll, Karanja Keita (2012). A Genealogical Review of the Worldview Concept and Framework in Africana Studies Related Theory and Research. In James L. Conyers (Ed.), African American Consciousness: Past and Present (23-46. or.). Transaction.
Chaho, Joseph Augustin (1836). Voyage en Navarre pendant l»insurrection des basques (1830-35). Bertrand.
Chaho, Joseph Augustin (1847). Histoire primitive des euskariens-basques: Langue, poésie, moeurs et caractère de ce peuple: Introduction à son histoire ancienne et moderne. Jaymebon.
Choi, Andy S., Papandrea, Franco eta Bennett, Jeff (2007). Assessing Cultural Values: Developing an Attitudinal Scale. Journal of Cultural Economics, 31(4), 311-335. https://doi.org/10.1007/s10824-007-9045-8.
Coser, Lewis A (1977). Masters of Sociological Thought: Ideas in Historical and Social Context. Harcourt Brace.
Cruz-Lopez, Ricardo (2024ko abenduaren 13a). Euskal pentsamenduaren sorrera. Berria. https://labur.eus/KYUbG.
Danesi, Marcel (2021). Linguistic Relativity Today: Language, Mind, Society, and the Foundations of Linguistic Anthropology. Routledge.
Del Valle, Teresa (1985). Mujer vasca: Imagen y realidad (7. Bol.). Anthropos.
Descola, Philippe (2014). Modes of being and Forms of Predication. Hau: Journal of Ethnographic Theory, 4(1), 271-280. https://doi.org/10.14318/hau4.1.012.
Descola, Philippe (2005). Par-Delà Nature Et Culture. Gallimard.
Diez Mintegui, Karmen eta Esteban, Mari Luz (2019ko urtarrilaren 4a). Antropologia eta balizko euskal matriarkatua. Berria, 15.or.
Dilthey, Wilhelm (1911). Die Typen Der Weltanschauung Und Ihre Ausbildung in Den Metaphysischen Systemen. Reichl & Company.
Dilthey, Wilhelm (1931). Weltanschauungslehre. Abhandlungen Zur Philosophie Der Philosophie (Gesammelte Schriften VIII. Band). B.G. Teubner.
Dumézil, Georges (1977). Mito y epopeya: La ideología de las tres funciones en las epopeyas de los pueblos indoeuropeos. Seix Barral.
Esteban, Mari Luz (2011). Crítica del pensamiento amoroso. Bellaterra.
Estornés Lasa, Bernardo (1962). Mundua Euskal-Erriaren gogoan: Aoz ao gogoratutako kondaira aurrea. El mundo en la mente popular vasca: La prehistoria recordada de viva voz. Auñamendi.
Euskal Sena Taldea (2022). Oinarriak (Laugarren bertsioa). Biltzarre. https://labur.eus/93X2n.
Frank, Roslyn M (2003). Shifting Identities: A Comparative Study of Basque and Western Cultural Conceptualizations. Cahiers of the Association for French Language Studies, 11(2), 1-54.
Frank, Roslyn May (2018). Looking at Europe through a Basque Lens: Ethnolinguistic Considerations of Two Worldviews. Etnolingwistyka, 30, 189-213. https://doi.org/0.17951/et.2018.30.189
Freud, Sigmund (1933). New Introductory Lectures on Psycho-Analysis. S.E. 22, 1-182.
Gabilondo, Joseba (2012). XVI. mendetik xx. mendera: Apologistak eta subjektu euskalduna. In Euskal Herriko pentsamenduaren gida (9-28. or.). Udako Euskal Unibertsitatea.
Gaitho, Naomi (2022). Critical Analysis of the Prevailing Worldviews and Value Systems in Relation to how they are Shaped by Culture and Identity. European Journal of Social Sciences Studies 7 (2), 10-31. https://doi.org/10.46827/ejsss.v7i2.1210.
Garmendia, Juan (1990). Euskal pentsamendu majikoa. Baroja.
Geisler, Norman L. (1989). Worlds Apart: A Handbook on Worldviews. Baker Book House.
Goenaga, Angel (1975). Uts: La negatividad vasca. Leopoldo Zugaza.
Gómez, Nel (2024). La Lengua Menos Conocida De España. Infobae, https://labur.eus/irhW4.
Gramsci, Antonio (1977). Quaderni dal carcere. Q3. Einaudi.
Hartsuaga, Juan Inazio (1987). Euskal mitologia konparatua. Kriselu.
Hartsuaga, Juan Inazio (2009). Gainontzeko kezkak. Hiria.
Hartsuaga, Juan Inazio (2016a). Gure nortasuna. Hik Hasi, 205, 4-26.
Hartsuaga, Juan Inazio (2016b). Ideia eta balioen bestelako historia laburra: eta horren irakasgaien aplikazioa gaurko gizartean. Pamiela.
Hedlund-de Witt, Annick (2012). Exploring Worldviews and their Relationships to Sustainable Lifestyles: Towards a New Conceptual and Methodological Approach. Ecological Economics, 84, 74-83.
Hermann, Ronald S. (2007). Utilizing Worldview Theory to Determine the Factors Influencing the Understanding of Evolutionary Concepts (Obed Norman, ed.). Morgan State University.
Husserl, Edmund (1970). The Crisis of European Sciences and Trascendental Phenomenology. JSA Northwestern University Press.
Ibrahim, Farah A. (1985). Effective Cross-Cultural Counseling and Psychotherapy: A Framework. The Counseling Psychologist, 13(4), 625-638. https://doi.org/10.1177/0011000085134006.
Ibrahim, Farah A. eta Owen, Steven V. (1994). Factor Analytic Structure of theScale to Asses World View. Current Psychology, 13(3), 201-209.
Inglehart, Ronald eta Welzel, Christian (2005). Modernization, Cultural Change and Democracy. Cambridge University Press. https://doi.org/10.1017/CBO9780511790881.
Ituarte, Leire (2015). Arqueología Simbólica del matriarcalismo vasco: Las epifanías amalúricas en Vacas y Tierra de Julio Medem. Tramayfondo, 38, 1-21.
Jenkins, Tim N. (2002). Chinese Traditional Thought and Practice: Lessons for an Ecological Economics Worldview. Ecological Economics, 40(1), 39-52. https://doi.org/10.1016/S0921-8009(01)00263-4.
Jimenez, Amaia (2024ko urriaren 10a). Lorea Agirre, Sakoneko korrontearen aldaketa garrantzitsuagoa da aldaketa estetikoa baino. Berria. https://labur.eus/3qqCW.
Juaristi, Patxi (1996). Ondasunekiko harremanak Justo Mokoroaren «Repertorio de locuciones del habla popular vasca» esaera bilduman. Deustuko Unibertsitatea.
Jung, Carl Gustav (1976). Psychologie Analytique Et Conception Du Monde In Problèmes De l»Âme Moderne (95-129. or.). Buchet Chastel.
Jung, Carl Gustav (1931). Seelenprobleme Der Gegenwart. Rascher.
Kambon, Kobi (2004). The Worldviews Paradigm as the Conceptual Framework for African/Black Psychology. In Reginal Jones (ed.), Black Psychology (73-92. or.). Cobb & Henry.
Kant, Inmanuel (1790). Kritik Der Urteilskraft. Lagarde und Friedrich.
Koltko-Rivera, Mark E. (2000). The Worldview Assessment Instrument (WAI): The Development and Preliminary Validation of an Instrument to Assess World View Components Relevant to Counseling and Psychotherapy. New York University.
Koltko-Rivera, Mark E. (2004). The Psychology of Worldviews. Review of General Psychology 8(1), 3-58. https://doi.org/10.1037/1089-2680.8.1.3.
Krutwig, Federico (1997). Federiko Krutwigi elkarrizketa (Imanol Murua Uriaren Eskutik). Jakin, 101, 61-106.
Kuhn, Thomas S (1962). The Structure of Scientific Revolutions. University of Chicago Press.
Lanceros, Patxi (1999). Algunas consideraciones sobre la identidad colectiva y la política. In Josetxo Beriain eta Roger Fernández (ed.), La cuestión vasca: Claves de un conflicto cultural y político (166-179. or.). Anthropos.
Latxaga (1999). Euskal Sena. Sendoa.
Laudan, Rachel (2003). Worldview. In J. L. Heilbron (ed.), Oxford Companion to the History of Modern Science. Oxford University Press.
Leavitt, John (2018). Linguistic Relativity. In Oxford Bibliographies. Oxford University Press.
Lee, Choong-Ki, Kang, Soo K., Ahmad, Muhammad Shakil, Park, Yae-Na, Park, Eunkyoung eta Kang, Choong-Won (2021). Role of Cultural Worldview in Predicting Heritage Tourists» Behavioural Intention. Leisure Studies, 40(5), 645-657. https://doi.org/10.1080/02614367.2021.1890804.
Lima, Maria Luisa eta Castro, Paula (2005). Cultural Theory Meets the Community: Worldviews and Local Issues. Journal of Environmental Psychology, 25(1), 23-35. https://doi.org/10.1016/j.jenvp.2004.11.004.
Littooij, Elsbeth, Leget, Carlo, Stolwijk-Swüste, Janneke M., Doodeman, Suzan, Widdershoven, Guy eta Dekker, Joost (2016). The Importance of «Global Meaning»for People Rehabilitating from Spinal Cord Injury. Spinal Cord, 54(11), 1047-1052. https://doi.org/10.1038/sc.2016.48.
Liu, James H., Goldstein-Hawes, Rebekah, Huang, Li-Li, Gastardo-Conaco, Cecilia, Dresler-Hawke, Emma, Pittolo, Florence, Hong, Ying-Yi et al. (2005). Social Representations of Events and People in World History Across 12 Cultures. Journal of Cross-Cultural Psychology, 36(2), 171-191. https://doi.org/10.1177/0022022104272900.
Lizarduikoa, Alfontso Martinez (1998). Euskal zibilizazioa. Gaiak.
Löffler, Winfried (2018). Religious Beliefs as World-View Beliefs. European Journal for Philosophy of Religion, 10(3), 7-26. https://doi.org/10.24204/EJPR.V10I3.2592.
Manoylo, Nataliia (2021). Mythological, Religious and Philosophical Worldview Dominants in Notary Activity. Scientific Journal of Polonia University, 49(6), 56-62. https://doi.org/10.23856/4907.
McIvor, David W. (2018). Weltanschauung. In William A. Darity (Ed.), International Encyclopedia of the Social Sciences. Macmillan.
Mentxakatorre, Jon (2015). Anbotoko Dama eta infernua. Aurrez sartu eta atzez irten. Euskera, 60(2), 699-752.
Mentxakatorre, Jon (2016). Euskal mitologiaz eta identitateaz. Mariren eduki sinbolikoaz. Jakin, 212, 1-54.
Mentxakatorre, Jon (2023). Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua: antologia eta azterketa. Labayru Fundazioa.
Mokoroa, Justo María (1936). Genio y lengua. Mocoroa Hermanos.
Mokoroa, Justo María (1998). Ortik eta emendik: Herri euskarako esamolde bilduma. Labayru Ikastegia.
Morelli, Alice (2022). Worldviews and World-Pictures. Avoiding the Myth of the Semantic Given. Topoi, 41, 449-460. https://doi.org/10.1007/s11245-021-09781-y.
Naugle, David K. (2002). Worldview: The History of a Concept. Cambridge University Press.
Obasi, Ezemenari Marquis (2002). Construction and Validation of the Worldview Analysis Scale. Ohio State University.
Orixe (Nicolás Ormaechea) (1950). Euskaldunak. Icharopena.
Ortiz-Osés, Andrés (1985). Antropología simbólica vasca (8. Bol.). Anthropos.
Ortiz-Osés, Andrés (1996). Ama Jainkosa euskal mitologiatik interpretatua. Gaiak.
Ortiz-Osés, Andrés (2007). Los Mitos Vascos: Aproximación Hermenéutica (26. Bol.). Deustuko Unibertsitatea.
Oteiza, Jorge (1963). Quousque tandem! Ensayo de interpretación estética del alma vasca, su origen en el cromlech neolítico y su restablecimiento por el arte contemporaneo. Auñamendi.
Oteiza, Jorge (1984). Ejercicios espirituales en un túnel: En busca y encuentro de nuestra identidad perdida (2.a edición corregida y completa). Hordago.
Oteiza, Jorge (1995). Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo: Raíces de nuestra identidad escondidas en el euskera indoeuropeo actual. Pamiela.
Ott, Sandra (1993). The Circle of Mountains: A Basque Shepherding Community. University of Nevada.
Peillen, Txomin (1985). Animismua Zuberoan. Haranburu.
Peillen, Txomin (2005). Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan (sena, ohiturak, gizarte balore orokorrak). Euskarriak. Utriusque Vasconiae.
Pepper, Stephen C. (1942). World Hypotheses, a Study in Evidence. University of California Press.
Pesut, Barbara (2003). Developing Spirituality in the Curriculum: Worldviews, Intrapersonal Connectedness, Interpersonal Connectedness. Nursing Education Perspectives, 24(6), 290-294.
Peters, Ellen eta Slovic, Paul (1996). The Role of Affect and Worldviews as Orienting Dispositions in the Perception and Acceptance of Nuclear Power. Journal of Applied Social Psychology, 26 (16), 1427-1453. https://doi.org/10.1111/j.1559-1816.1996.tb00079.x.
Pinxten, Rik (2016). Worldview. In Rik Pinxten (ed.), Multimathemacy: Anthropology and Mathematics Education (7-17. or.). Springer. https://doi.org/10.1007/978-3-319-26255-0_2.
Piquero, Guillermo (2005). La senda aborigen. Una re-visión de la prehistoria. Autoedizioa.
Piquero, Guillermo (2017). Mitología salvaje: Reconstruyendo la cosmovisión indígena europea. Cauac.
Piquero, Guillermo (2021). En el vientre de mari. las raíces preindoeuropeas de la mitología vasca. Cauac.
Piquero, Guillermo (2024). En el vientre de mari. Las raíces preindoeuropeas de la mitología vasca. Cauac.
Popper, Karl R (1983). Realism and the Aim of Science (Postscript to the Logic of Scientific Discovery, 1. Bol.). Routledge.
Preziado, Txema eta Martinez Lizarduikoa, Alfonso (2008). Euskaldunen Kolore Unibertsoa. Gaiak.
Psillos, Stathis (2011). Scientific Realism: How Science Tracks Truth. Routledge.
Putnam, Hilary (1988). Representation and Reality. MIT Press.
Redondo, Rafael (1983). El Rorschach y los vascos. Euskal Herriko Unibertsitatea.
Renteria-Uriarte, Xabier (2013). Hacia una economía holográfica: Una revisión de la ciencia económica desde la ontoepistemología oriental. Euskal Herriko Unibertsitatea.
Renteria-Uriarte, Xabier (2016). Contemplative Science, and the Contemplative Foundation of Science. A Proposal of Definitions, Branches and Tools. In Valerie Bentz eta Vincenzo Giorgino (eds.), Contemplative Social Research. Caring for Self, being and Lifeworld (129-162. or.). Fielding University Press.
Renteria-Uriarte, Xabier (2018). Contemplative Economy and Contemplative Economics: Definitions, Branches and Methodologies. In Vincenzo Giorgino eta Zachary Walsh (Eds.), Co-Designing Economies in Transition (161-187. Or.). Springer.
Renteria-Uriarte, Xabier (2022a). «Huts» kontranimo gisa: semantika eta zubi kognitiboak. Euskera (67), 87-114. https://doi.org/10.59866/eia.vi67.9.
Renteria-Uriarte, Xabier (2022b). Mariren hamaika aurpegiak… Eta (ia) guztiak biltzen dituena. Zainak. Cuadernos De Antropología-Etnografía, 40, 49-68. https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/argitalpenak/mariren-hamaika-aurpegiak-eta-ia-guztiak-biltzen-dituena/art-24812/.
Renteria-Uriarte, Xabier (2022c). Ontological Emptiness as Reflected by the Basque Huts: An Ontolinguistics of Śūnyatā? Kritike, 16(1), 171-189. https://doi.org/10.25138/16.1.a8.
Renteria-Uriarte, Xabier (2023). Counteracting Epistemic Oppression through Social Myths: The Last Indigenous Peoples of Europe. Social Epistemology, 37(6), 864-878. https://doi.org/10.1080/02691728.2022.2153350.
Renteria-Uriarte, Xabier (2024). Making Worldviews Work: A Heuristic, a Planet Scan, a Case and their Transversal Implication. Culture & Psychology, 30(2), 431-453. https://doi.org/10.1177/1354067X221147682.
Renteria-Uriarte, Xabier eta Las Heras, Jon (2021). Prefiguring Communalism and Economic Democracy in the Basque Country. Globalizations, 18(2), 1-18. https://doi.org/10.1080/14747731.2020.1863542.
Rigolot, Cyrille (2017). An Evolutionary Approach of Worldviews to Think the Transformations of Agriculture. Cahiers Agricultures, 26(3), 1-7. https://doi.org/10.1051/cagri/2017015.
Rodriguez, Fito (2004). Euskal pentsamendua. In Joxe Azurmendi, Juan Bautista Bengoetxea, Iñaki Soto eta Joana Garmendia (Ed.), Filosofiako Gida (309-324. or.). Udako Euskal Unibertsitatea.
Rouse, Joseph (2002). How Scientific Practices Matter: Reclaiming Philosophical Naturalism. University of Chicago Press.
Rousseau, David eta Billingham, Julie (2018). A Systematic Framework for Exploring Worldviews and its Generalization as a Multi-Purpose Inquiry Framework. Systems, 6(3), 27-47. https://doi.org/10.3390/systems6030027.
Runco, Mark A. (2014). Creativity. Cambridge Academic Press.
Santos, Sales eta Madina, Itziar (2012). Comunidades sin Estado en la Montaña Vasca Sahats.
Schultz, Katherine G. eta James A. Swezey (2013). A Three-Dimensional Concept of Worldview. Journal of Research on Christian Education, 22(3), 227-243. https://doi.org/10.1080/10656219.2013.850612.
Sire, James W. (2004). Naming the Elephant: Worldview as a Concept. InterVarsity.
Sorel, Georges (1908). Réflexions sur la violence (4. Bol.). M. Riveère et cie. http://bit.ly/3roOtwe.
Spronk, Benita, Guy Widdershoven, eta Hans Alma (2021). The Role of Worldview in Moral Case Deliberation: Visions and Experiences of Group Facilitators. Journal of Religion and Health, 60(5), 3143-3160. https://doi.org/10.1007/s10943-021-01246-1.
Traverso, Enzo (2019). Left-Wing Melancholia: Marxism, History, and Memory. Columbia University Press. https://doi.org/10.7312/trav17942.
Ubeda, Garbiñe (2024ko uztailaren 30a). Euskal pentsamenduaren bila. Berria. https://labur.eus/FOkKy.
Underhill, James (2009). Humboldt, Worldview and Language. Edinburgh University Press.
Underhill, James (2011). Creating Worldviews: Language, Ideology & Metaphor. Edinburgh University. https://doi.org/10.3366/edinburgh/9780748643158.001.0001.
Underhill, James (2012). Ethnolinguistics and Cultural Concepts: Truth, Love, Hate & War. Cambridge University Press. https://doi.org/10.1017/CBO9780511862540.
Urbeltz, Juan Antonio (1994). Bailar el caos: La danza de la osa y el soldado cojo. Pamiela.
Vidal, Clement (2008). Wat is Een Wereldbeeld? In Hubert van Belle eta Jan van der Veken (Ed.), Nieuwheid Denken. De Wetenschappen En Het Creatieve Aspect Van De Werkelijkheid (71-86. or.). Acco.
Vivanco, Luis A. (2018). A Dictionary of Cultural Anthropology. Oxford University Press.
Viveiros de Castro, Eduardo (1998). Cosmological Deixis and Amerindian Perspectivism. Journal of the Royal Anthropological Institute, 4(3), 469-488.
Walsh, Brian J. eta Middleton, Richard J. (1984). The Transforming Vision. Shaping a World View. Intervarsity.
Weber, Max (1922). Wirtschaft Und Gesellschaft (Grundriss Der Sozialökonomik 3). J.C.B. Mohr.
Weber, Max (1949). Objectivity in Social Science and Social Policy. In Edward A. Shils eta Henry A. Finch (Ed.), The Methodology of the Social Sciences (49-112. Or.). Free Press. https://doi.org/10.4324/9781315124445-2.
Wolters, Albert M. (1983). On the Idea of Worldview and its Relation to Philosophy. In Paul A. Marshall, Sander Griffioen eta Richard J. Mouw (Ed.), Stained Glass (14-25. or.). University Press of America.
Xamar (Juan Carlos Etxegoien) (2001). Orhipean: The Country of Basque. Pamiela.
Zarate, Mikel (1977). Elkarrizketa Derion Roslyn Frankekin. Ahotsak. https://bit.ly/3yIHkLe:
Zeigler-Hill, Virgil eta Besser, Avi (2022). Social Worldviews and the Likelihood of Engaging in Preemptive Strikes. Personality and Individual Differences, 185, 111244. https://doi.org/10.1016/j.paid.2021.111244.
Zingoni de Baro, Maria Elena (2022). Regenerating Cities. Springer. https://doi.org/10.1007/978-3-030-90559-0_3.
Zmigrod, Leor (2022). A Psychology of Ideology: Unpacking the Psychological Structure of Ideological Thinking. Perspectives on Psychological Science, 17(4), 1072-1092. https://doi.org/10.1177/17456916211044140.
Zulaika, Joseba (1996). Del Cromañón al Carnaval: Los vascos como museo antropológico. Erein.
[1] «la visión del mundo vasca [tiene como] suelo interpretativo» a «la concepción aranista … y su historia negra de violencia», y es «una visión del mundo monoidentitaria» que «repugna a la democracia» (Alonso 2021, 677-698, pp. 677 y 697)