RECENSIÓN · LIBURU IRUZKINA
Ane Larrinaga Renteria (argtz.), Iker Iraola Arretxe, Onintza Odriozola Irizar, Mila Amurrio Vélez, Julen Zabalo Bilbao, (2024):
Ikasketa politikoa, parte-hartzea eta aktibismoa gazteen ahotsetan
Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea

Maddi Alberdi San Martin[1]

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)

Politikaren ikuspegi zabalagoak eta parte-hartze politikoaren adiera berriak testuinguru sozial jakinean sortu dira. Modernitate Berantiarrean aldatu egin dira gazteen bizitzak egituratzen dituzten baldintza sozioekonomikoak, kulturalak eta instituzionalak. Mendebaldeko sistema demokratikoa sustraitik aldatzen ari da; estatuak pribatizatu egin dira eta demos-a ahuldu. Aldaketa horiek, besteak beste, herritartasuna eraikitzeko praktika berriak ekarri dituzte. Gazteei dagokienez, egungo sistema sozialak oztopo ugari jartzen dizkie subjektu autonomo gisa garatzeko. Gainera, ohiko sozializazio erakundeen agintea-indarra ere galdu egin da eta askotariko arau eta balio sozialak dituzten gizarte-ereduetan bizi gara. Inguruabar horretan, gazteek baliagarritasun mugatua ikusten diete gizarteko instituzio nagusiei eta haietatik eratorritako ekimenei eta balioei.

Gazteen eta politikaren arteko harremana aztertzen duen ikerketa sakona da Ikasketa politikoa, parte-hartzea eta aktibismoa gazteen ahotsetan liburua, 2024an UEUk argitaratua. Ane Larrinaga Renteriak eta bere lankide diren Iker Iraolak, Onintza Odriozolak, Mila Amurriok eta Julen Zabalok idatzi dute. Bertan, Hego Euskal Herriko gazteen ikuspegiak eta esperientziak jasotzen dira, zehazki, haien ikasketa politikoa, parte-hartzea eta aktibismoaren inguruko bizipenak.

Gaur egungo gizartean gazteen despolitizazioa aipatzen da sarri. Badirudi Modernitate Berantiarraren ezaugarria dela indibidualizazioa, eta, horri lotuta, gazteek politikarekiko duten axolagabetasuna. Hori da hain zuzen ikertzaileek lan honetan ikertu nahi izan dutena. Horrela, estereotipo horren aurrean, bestelakoak dira ikerketaren ondorioak: gazteek politika egiteko modu berriak sortu dituzte edo sortzen ari dira. Beraz, azterlanaren helburu nagusia da Hego Euskal Herriko egungo testuinguru soziopolitikoan belaunaldi gazteen sozializazio politikoan parte hartzen duen zenbait mekanismo aztertzea, eta ikasketa-esperimentazio horren ondorioz kokapen desberdinetako gazteen artean gauzatzen diren praktika politikoak identifikatzea eta azaltzea, bereziki praktika aktibista berritzailetzat har daitezkeenak (33 orrian).

Gazteen agentziaren aitortza da liburu honen berezitasun nabarmenena. Izan ere, arlo metodologikoan, orain arteko ikerketetako interpretazio desberdinek gazteen eta politikaren arteko harremana ulertzeko moduak baldintzatu dituzte. Hori dela eta, ikerketa-teknika kualitatiboen aldeko hautua egin da lan honetan. Hau da, erabaki da gazteak agentzia sozial modura hartzea eta haien ahotsak jasotzea. Azken finean, autoreek diotenez, metodologia kualitatiboak aukera handiagoak ematen ditu aktibista gazteek politikarekin dauzkaten erlazioak identifikatzeko eta, beren ikusmoldeen eta praktiken kontakizunaren bidez, haientzat politikak hartzen dituen esanahiak azaleratzeko. Liburuan jasotzen den ikerketako lagina EAEn eta Nafarroan egindako 40 elkarrizketa sakonek eta 4 eztabaida taldek osatzen dute.

Egiturari dagokionez, liburua bi zati orokorretan banatzen da. Lehenengo zatia, Gazteen parte-hartze politikoa, aktibismoa eta herritartasun moldeak aldaketa-garaian deritzona da. Bertan, Modernitate Berantiarrak gazteen ikasketa politikoan, parte-hartze prozesuetan eta herritartasun-ereduetan eragindako aldaketak aztertzen dira. Bigarren zatian, Ezker independentistako gazteen aktibismoa aldaketa-garaian izenburupean, ezker independentistako eta haren inguruko gune komunitarioetako aktibismoaren azken urteotako bilakaera ikertzen da. Horrez gain, atal bakoitza lau azpiatalek osatzen dute eta guztietan egitura bera nabarmentzen da: analisi teorikoa, azterketaren oinarriak finkatzea eta aztergaia zedarritzea, kasu-azterketarako lagina zehaztea eta diskurtsoen irakurketa soziologikoa zein interpretazio horren ondorioak.

Ikerlanaren edukian gehiago sakontze aldera, iruzkin honetarako liburuaren egitura bera jarraitzea erabaki da. Koherentzia eta atal bakoitzaren berezitasuna kontuan hartuta, labur azalduko ditugu atal eta azpiatal bakoitzaren nondik norakoak.

Lehenengo atalari dagokienez, lehenengo kapitulua da Gazteak, politika eta parte-hartze politikoa deritzona. Bertan, ikerketaren testuingurua, metodologia eta egitura azaltzen dira. Horrez gain, Gazteriaren Soziologiaren desafio handienetako bat izan da bere ikergaia zehaztea, eta, beraz, azpiatal honetan, «gazte», «politika», «parte-hartzea» eta «aktibismo» kontzeptuak definitzen dira.

Lehenengoari dagokionez, orain arteko ikerketa gehienek portaera politikoen berezitasunetan belaunaldi faktoreek duten eraginean jarri dute arreta. Hala ere, ikerketan esaten da testuinguru sozialaren arabera ulertu behar dela gazte izatea zer den. Beti ere, kontuan hartuta gazteek ez dutela talde homogeneoa osatzen eta eragina dutela kokapen sozialak eta gazte-esperientziak, besteak beste. Lan honetan, beraz, «gazte» kontzeptua erabiltzen da, «adin-taldea zedarrituta ere, kolektibo horren barruko desberdintasun anitzen ondorioz sortzen diren askotariko egoera eta kokapen sozialak ezkutaturik gera ez daitezen» (15-16 orrietan).

«Politika» kontzeptua beraren ulerkera ere aldatuz joan da. Ikerlarien arabera, zentzua du politika ondorengo terminoetan ulertzeak: «gizataldeek erabaki kolektiboak hartzeko egiten dituzten jardueren multzo gisa». Horrela, uler daiteke «ekintza politikoak estatuaren eta haren instituzioen eginkizuna gaindi ditzaketela; areago, herritarren eguneroko bizitzako zeregina ere izan daitekeela» (17 orrian). Bide berean, politika kontzeptuaren esanahi zabalagoak sortzeak ondorioak izan ditu parte-hartze politikoa ulertzeko moduetan. Horrela, lan honetan abiapuntu hartu duten «parte-hartzearen» esanahia honakoa da: «kolektibotzat hartutako dimentsioaren batean eragiteko herritarrek gauzatzen dituzten praktika politikoak eta sozialak» (18 orrian). Azkenik, liburuan «aktibismo» gisa izendatu dira eraldaketa soziopolitikoa helburutzat duten eta pixkanaka azaleratzen ari diren praktika multzoak.

Bigarren kapituluaren izenburua da Ikasketa eta ibilbide politiko nagusiak gazte-trantsizioetan. Gazteen helduarorako trantsizioetan egindako ibilbide politikoen ereduak aztertzen dira, bi multzotan banatuta: beren burua politizatutzat dutenak eta politikatik deskonektaturik sentitzen direnak.

Multzo bakoitzeko gazteen ezaugarriak azaltzen dira. Lehenengoen kasuan, aipatzen dira familian bizitako lehen sozializazio politikoa, herri-ekimenetako praktika politikoa, harreman-sare politizatuak eta habitus edo disposizio aktibista batzuk barneratu izana. Horrez gain, elkarte zibiko-sozialetako parte-hartzea eta boluntariotza ere azaltzen dira, familiaren balio humanistei eta orientazio komunitarioei lotuta. Bigarren kasuan, aldiz, nabarmendu da «ez politizatutzat» definitzen diren gazteak politika instituzionaletik kanpo kokatzen direlako esaten dutela. Sozializazio politiko ahulena jaso dutenak dira, hala ere, ikuspegi kritikoa dute eta askok partaidetza aktiboa gizarteko beste arlo zibiko-kolektibo batzuetan.

Azken finean, ondorioztatzen da multzoetako bat ere ez dela homogeneoa eta gazte politizatu/ez-politizatu kategoriak ezin direla bere horretan erabili ñabardurarik gabe, ez baitira kontrajarriak. Litekeena da gaur egun politikan aktibo ez diren gazte horiek noizbait parte hartzeko aukera egokiak izatea.

Hirugarren azpiatalean Intentsitate txikiko herritartasunak aztertzen dira. Hein batean, gazte askoren (auto)kokapen «apolitiko» horren atzean ezkuta litezkeen ikusmolde sozial eta politiko inplizituak azaleratzea bilatzen da; hau da, deslotura politikoak berak gazte horientzat dauzkan esanahiak eta motibazioak identifikatzea eta horien ulermenean sakontzea, gazteak agentzia gisa aitorturik.

Politikaren ikuspegi murriztatzaileegia erabiliz gero, gizarteak ez ditu gazteen praktika horietako batzuk politikotzat jotzen. Kontuan hartzekoa da esparru politikoaren mugak aldakorrak direla. Zentzu horretan, azaltzen da konpromiso indibidualizatuarekin eta orain arte politikotzat hartu ez diren bizimoduekin ere loturik dauden herritartasun moduak azaleratzen ari dira belaunaldi gazteenen artean. Horrez gain, gazteen deskonexio politikoaren konplexutasuna azaltzen da testuan, eta, zentzu horretan, aipatzen da gazteen lotura zibiko eta politikorik eza bazterketa sozialaren beste dimentsio baten gisa ulertu behar dela.

Gazteen ahotsetan jasotakoaren arabera hainbat ondorio jasotzen dira ikerketan. Hasteko, nabarmentzen da gazteen deslotura politikoa baldintzatu dezaketen faktoreak asko izan daitezkeela: posizio sozial bakoitzean metaturiko baliabideak, frustrazioa eta erretiratze politikoa, egiturazko hertsapen politiko eta ez-politikoak, eta abar. Horren aurrean, gazte horiek ez dute formula berritzaileetan edo gaur egun sortzen ari diren aktibismo moldeetan parte hartzen, ahaldundutako beste gazte aktibista batzuek egiten duten bezala; aitzitik, jarduteko modu zuhurragoak aukeratzen dituzte bizitzako fase bakoitzean eragiten dieten eguneroko kezketan oinarrituta. Praktika horiek etenak dauzkate denboran, konpromiso ahulekoak dira zenbaitetan, eta, oro har, intentsitate txikiko herritartasun molde bat osatzen dute.

Laugarren kapituluan Aktibismoan azaleratzen ari diren herritartasunak ikertzen dira, zehazki, aktibismo kontrahegemonikoan aritutako gazteek demokrazia liberaletako esparru politikoaren bazterretan gauzatu dituzten esperimentazio- eta berrikuntza-praktika politikoak. Praktika horiek herritartasun-ekintza aktibistatzat hartzen dira, izan ere, «politikoa» denaren zentzua zabaltzen dute eta auzitan jartzen orain arte ezarritako herritartasun moldea.

Gazteek politikan parte hartzeko moduak aldatu egin dira, askotarikoagoak, zatituagoak eta noizbehinkakoagoak dira. Azpimarratzen da Hego Euskal Herriko gazteen artean gutxiengoa direla aktibismoari lotutakoak, eta, horien artean, ezkerreko aktibista nazionalisten nukleo esanguratsu bat nabarmentzen dela. Azterlan honetan multzo horretan jartzen da arreta. Hori horrela, gazteen errepertorio parte-hartzaileetan azken urteetan izandako aldaketak eta horiek berekin ekarritako politikari buruzko bestelako harremanak ezagutu nahi dira. Zehazki, azpimarratzen da beharrezkoa dela gazteen parte-hartzearen azpian dauden aukeren eta oztopoen egitura argitzea, ikusteko partaidetza hori zergatik den egingarri pertsona edo kolektibo sozial batzuentzat soilik. Horregatik, gazteen ahotsetan herritartasun performatiboen inguruko narratibak jaso eta aztertzen dira.

Analisian jasotakoaren arabera, sozializazio goiztiarrari esker habitus aktibista barneratu ahal izan dute pertsona askok Euskal Herrian. Ziklo aldaketa dela eta, gaur egungo gazteek beren subiranotasuna gauza dezaketen esparruetara bideratzen dute jarduera eta espazio sozial eta bizimodu alternatiboak eraikitzen saiatzen dira gune horietan. Hein batean, parte-hartze politikoak gizartean nagusi diren balioak eta harremanak zalantzan jartzeko eta bizi-aukerak zabaltzeko aukera eman die kapital politiko handiena duten pertsonei. Azken horretan eragin nabarienetakoa izan da ekarpen feminista. Esan daiteke oinordetzan jasotako kapital hori egokitzen eta moldatzen ari direla gaurko gazteak. Besteak beste, «ikerketa honek agerian uzten du gazte aktibisten ikaskuntza eta esperimentazio politikoak norabide anitzeko etengabeko transakzio konplexu eta iraunkorrak direla. […] Hain zuzen ere, transakzio horiek ezarriko dituzte, modu dinamikoan, etorkizuneko herritartasunaren mugak» (107 orrian).

Liburuaren biharren zatian, esan bezala, ezker independentistako gazteen aktibismoan jarri da arreta. Hori horrela, 5. kapitulua Aktibismoaren ikasketa politikoa azken hamarkadako euskal testuinguru politikoan izendatu da. Kapitulu honetan aktibismoaren ikasketa politikoa, sozializazio politikoa eta baldintza sozialen eragina aztertzen dira Euskal Herriko azken hamarkadetako agertoki politikoan. Hain zuzen ere, aztertzen da gazte-agentzia aktibista eraiki dadin ezkerreko mugimendu independentistak gaur egun eskaintzen duen aukeren markoa (111 orrian).

Kapitulu honetako analisian hainbat helburu daude. Alde batetik, ezkerreko erakunde nazionalistek eta haien hurbileko gune informalek osatzen duten konstelazioaren nolakotasunean sakontzea, gazteen agentzia politikoa eta gazte-aktibismoa eraikitzeko aukera-esparru gisa. Bestetik, ezker abertzale-independentistako gazteei sozializazio-prozesuetan transmititu zaizkien disposizio aktibistak ezagutzea eta horien bitartez barneratutako tradizio politikoaren jarraitutasun osagaiak identifikatzea. Horrez gain, gazte aktibista horiek beren egungo praktika politikoetan gauzatutako aldaketak eta praktika horiei egozten dizkieten esanahi berriak ulertzea. Oro har, gazteen agentziaren eta gaur egungo testuinguru aldakorraren artean sortzen diren transakzioak atzeman nahi dira, orain arteko «transmisioa vs aldaketa» dikotomiatik harago joateko.

Esandakoak esanda, gazteen narratibetan jasotakoarekin ondorioztatu da gazte independentistak tradizio politiko baten oinordekoak izateaz gain, praktika politiko berriak garatzen ari direla. Izan ere, gazte horiek baliabide ugari dituzte, aukera-egitura sendoa. Gainera, tokiko testuinguruaren garrantzia azpimarratu da gazteen ikasketa politikoan, eta baieztatu da testuinguru gatazkatsu batzuek gazteen parte-hartze aktibista errazten dutela. Hala ere, kultura eta memoria politikoaren transmisio handia egon den arren, ziklo politikoaren aldaketa lotuta dago gazteen praktika politikoen errepertorioen eta ereduen aldaketarekin. Zentzu horretan, ezker independentistako gazteak beren ikasketa politikoaren hasieran hartutako disposizio aktibistak modu dinamikoan berreraikitzen dihardutela ondorioztatu da.

6. kapitulua Genero-ordena aktibismoaren ikasketa-prozesuan da. Atal honetan genero-ordenaren birsorkuntza aztertzen da politika liskartsuaren barnean gauzatutako aktibismo politikoaren ikasketa informalean. Zehazki, jakin nahi da ezkerreko gazte independentisten aktibismoak generorik duen eta aktibismoaren ikasketa politikoa genero-ikuspegitik nola gauzatzen den.

Hego Euskal Herriko ezker independentistako gazte aktibisten artean egindako ikerketa kualitatiboak erakusten digunez, politika liskartsuaren errepertorioek eta ekintzek maskulinitate hegemonikotik hurbil dauden aktibista-ereduak bultzatu dituzte oraintsu arte eta mendeko posizioan kokatu dituzte neska parte-hartzaileak (133 orrian). Atal honen helburua da, beraz, testuinguru liskartsu horietan neska aktibisten agentzia kolektibo disidenteak, zehazki, agentzia feministak, eratzen lagun dezaketen faktoreak atzematea eta analizatzea.

Generoaren botere-harremanak mugimendu sozialen egituraren parte dira, eta esparru aktibistaren estrategiak eta kulturak baldintzatzen dituzte. Ikaste politikoa eta habitus moduan barneratutako egitura generizatua da. Horren erakusle dira kapitulu honetan jasotzen diren gizarte mugimenduen aktibismoetako genero-segregaziorako zenbait mekanismo: hautaketa mekanismoak, antolakuntza moldeak, lan aktibistaren banaketa eta lidergoak. Hala ere, kontuan hartzekoa da genero-erregimena eta genero-estratifikazioaren egiturazko adierazpenak eta haien justifikazio ideologikoak aldatu egiten direla testuinguru sozial batetik bestera. Hori horrela, mugimenduetan parte hartzen duten aktibistek mugimenduon aukera-egitura eraikitzen eta hari forma ematen laguntzen dute testuinguruarekin harremanetan.

Gazteen ahotsetan bildutako datu kualitatiboetan jaso denaren arabera esan daiteke ordena maskulinoa nagusi izan dela ezker abertzalearen barnean hainbat belaunaldiz garatutako ikasketa politikoetan. Jarduera aktibista liskartsuetako genero-bereizketaren mekanismo sinbolikoak identifikatu dira: lan aktibistaren banaketa, kokapen espaziala, denboraren erabilera eta habitusa. Hala ere, Euskal Herrian gertatutako ziklo politikoaren aldaketak aukerak zabaldu ditu aktibismo liskartsuan, aktibismo horren errepertorioak eta genero-sistemaren birsorkuntza berrikusteko.

Aldaketaren aldeko aukera-egituran bat egiten dute tokiko faktoreek eta Modernitate Berantiarrean garatutako aktibismo moldeen joera orokorrek. Hori horrela, genero-sistema eraldatzeko bidean liskar-mugimenduetan eragin dezaketen zenbait faktore ere identifikatu dira. Besteak beste, esparruko aukera-egituraren kanpoko faktoreen artean, azpimarratu behar da Hego Euskal Herrian aldaketaren aldeko genero-erregimena dagoela, presioa egiteko eta aitorpen soziala lortzeko gaitasuna izan duten mugimendu feministen garapenaren ondorioz. Era berean, joera global batzuek ere eragin dute aukeren irekiera horretan (153 orrian).

7. kapituluaren izenburua Kontrapubliko subalternoak eta praktika digitalak aktibismoan da. Hein batean, aktibismo kontrahegemonikoak ere ekintza politikorako espazio berria aurkitu du Interneten, baina oraindik ez da sakon aztertu noraino hedatu den Interneteko tresnen erabilera euskal aktibista gazteen artean eta zertarako baliatzen diren tresna horiek. Horregatik, kapitulu honetan, gaur egungo esparru publikoa ulertzeko moduak analizatzen dira, bertan sortzen diren eragile alternatiboak edo kontrapublikoak aintzat hartuta. Bi helburu nagusi zehazten dira, alde batetik gazteek aktibismo digitalaren zein aukera identifikatzen dituzten aztertzea, eta, bestetik mugak eta arriskuak non ikusten dituzten ezagutzea.

Esparru publikoak askotarikoak direla ulertzen da gaur egun, eta, beraz, esparru hegemonikoen ondoren, eskala eta indar politiko desberdinetako esparru publikoak eta eztabaidagunean eratzen direla. Gazteen ahotsetan jaso dira kontrapubliko subalternoen eta praktika digitalen inguruko datuak. Horien esanetan, sare sozialek hainbat alorretarako aukerak eskaintzen dituzte: barne-antolakuntzarako, bigarren mailako sozializazio politikorako, subalterno birtualen eraikuntzarako eta kolektibo aktibisten arteko lankidetza-espazioak eta aliantzak sortzeko. Hala ere, zenbait muga ere identifikatu dituzte: aktibismo digitalaren ezintasuna aurrez aurreko harremanak ordezteko, eztabaida politikoaren hutsalkeria eta IKTen jabetza diferentzialak, datuen kontrolaren auzia eta subiranotasun digitala.

Hori horrela, azpiatal honetan ondorioztatzen da IKTek eta tresna digitalek aukera eta muga berriak sortu dituztela. Horren aurrean, nabarmentzen da mundu birtuala gaur egungo gazteen izaeraren parte banaezina dela, izan ere, online-offline hibridazioa gorpuztua dute eta jarduera aktibista ere logika orokor horren barruan ulertu behar da.

8. kapitulua da azkena. Modernitate Berantiarreko agenda prefiguratiboak aktibismo independentistan txertatzen du izenburutzat. Azpiatalean aztertu nahi da ea aktibismo independentistak gaitasuna duen aldarrikapen globalak nahiz agenda nagusiak bereganatzeko. Izan ere, azken lau hamarkadetako euskal mobilizazio-zikloaren eta aldarrikapen nazionalaren berezitasunetako bat ezkerreko balio klasikoak eta mugimendu sozial berrien aldarrikapenak uztartzea izan da (192 orrian). Gaur egungo testuinguruan, esan daiteke gizarte globalaren baldintzekin bat datorren subiranotasunaren kontzeptuak gero eta toki gehiago irabazi diola nazioaren ideiari diskurtsoan. Zentzu horretan, ideologia feministak garrantzi berezia hartu du egungo mugimendu independentistaren ildo estrategiko gisa.

Estaturik gabeko nazio izaerak berezitasunak ezartzen dizkio Hego Euskal Herriko kasuari. Zentzu batean, globalizazioak bestelako aukerak ireki ditu estaturik gabeko mugimendu nazionalistek agenda eraberrituak sustatu ditzaten. Gazteen ahotsetan jasotako datuei erreparatuz ondorioztatu da aktibismo nazionalistak edozein motatako aktibismorako eskola gisa joka dezakeela. Horrez gain, analisiak iradokitzen du nazio imajinatuak adierazpen desberdinak hartzen dituela, nazio horren eraikuntza sustraituta dagoen testuinguru historikoaren arabera. Horrela, ikaskuntza politikoa agentziaren eta ingurune politiko-kultural aldakorren arteko transakzio konplexu gisa ulertzen da. Gaur egun, subiranotasunaren aldarrikapenak demokrazia gehiago lortzeko eskakizunekin lotzen diren testuinguru globala dugu; hala ere, ikusteke dago ezker independentistako kulturaren izaera gatazkatsuak apaltzeak eta haren instituzionalizazio politikoak nahiz ondoriozko indibidualizazio dinamikak zenbateraino eskainiko duten hemen aipatu diren prozesuak mantentzeko aukera datozen urteetan (210 orrian).

Esandakoak esanda, liburu hau gazteen politizazioari buruzko ikerketa global eta sakona dela esan daiteke. Kontzeptuak birformulatu eta egungo testuingurura egokitzen asmatu du, eta, gainera, gazteen agentzia aitortzearekin batera, egungo gazteak, politika, parte-hartzea eta aktibismoa ulertzeko bestelako bideak zabaltzea lortu du.

Gabeziaren bat aipatzearren, Ipar Euskal Herria barne hartuko duen ikerketaren beharra nabarmendu behar da. Izan ere, Euskal Herriko errealitatearen konplexutasunak azterketa konplexuak eskatzen ditu. Hori horrela, beharrezkoa litzateke gazteen politizazioa Euskal Herriko lurralde guztietara zabaltzea, testuinguru bakoitzeko berezitasunak jasotze aldera. Hala ere, ez dago dudarik politizazio eta aktibismo forma berrien inguruko ikerketak beharrezkoak direla. Estereotipoak saihestuz, ikerketa zientifikoari bide ematea ezinbestekoa da, eta horren adibide da ikerketa liburu hau.

[1] Argitalpen honen egilea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko duen doktorego aurreko programaren onuraduna da.